Gogortasun handiko froga burutu zuten herriko zortzi txirrindularik. Gasteizko Gran Fondo Orbea frogan lehiatu ziren Javi Sanchez, David Martin, Joxi Diez, Mikel Galdona, Cesar Zarraquiños, Unai Lizaso, Dani Uzkudun eta Ramon Altuna.
180 kilometroko ibilbidean bost portu igo zituzten, 3.100 metroko desnibel positiboa gaindituz.
Gasteiztik abiatu, eta Vitoria eta Rivas mendateak igo zituzten. Samaniegora jaitsi ostean, lasterketako maldarik gogorrena igotzeari ekin zioten: Herrera, lehenengo mailakoa. Bernedotik bertako portua igaro ondoren, Pierola upeltegietara iritsi ziren. La Aldea, Trebiñu eta Zaldiarandik amaitu zuten lasterketa Gasteizen.
Sei orduko esfortzua
Parte hartzaile lasarteoriatarrek nabarmendu dutenez, "exijentzia maila handiko" froga da Gran Fondo Orbea.
Irabazle Diego Sanchezek bost ordu eta 21 minutu behar izan zituen ibilbidea burutzeko, eta herritarrek sei orduen bueltan amaitu zuten.
Lasarteoriatarren artean azkarrena David Martin izan zen, 05:56:45eko denborarekin. Dani Uzkudenek ere sei orduetatik jaitsi zuen. Hiru diploma mota banatu zituzten egindako denboraren arabera.
Sei ordu baino gutxiago behar izan zutenek urrezkoa jaso zuten. Hau da, David Martinek eta Dani Uzkudunek hura eskuratu zuten. Beste sei herritarrek zilarrezko diploma etxeratu zuten, sei eta zortzi orduren artean amaitu baitzuten froga.
Gasteiztik Arabar Errioxa zeharkatzen duen lasterketa honen bigarren edizioa izan da aurtengoa.