Garapen agentziak gazteak laneratzeko eta gizarteratzeko proiektuak jarri ditu martxan, Txertatu Merkatuan programaren barruan. Horri esker, langabezian dauden, ikasten ari ez diren eta goi mailako ikasketak ez dituzten 18 eta 22 urte bitarteko gazteei prestakuntza eskaini die. Margoketa industriala, bizikleten konponketa eta beste hainbat prestakuntza jasotzen dituen ikastaroa ekainaren 12an hasiko da, eta azaroaren 7ra arte iraungo du –abuztuan ez da eskolarik egongo-. Guztira, hamalau pertsonak parte hartuko dute, eta Beterri-Buruntza eskualdeko gazteek lehentasuna izango dute.
Astelehenetik ostiralera bitartean izango da prestakuntza; egunean lau orduz, eta goizez. Andoaingo Udalak kudeatzen du programa. Izena emateko, beraz, Urigain Etxera, Andoinera, jo behar da. 9:00etatik 15:00era dago irekia. Interesa duen orok 943 30 42 21 telefonoan galde dezake.
Garapen agentziak 2016. eta 2018. urte bitartean bost proiektu aurrera eramateko konpromisoa hartu du. Hiru urteko aldi horretan, hiru proiektu jarri ditu martxan. 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez sortu da ekimena, eta Europako Gizarte Funtsek finantzatu dute ia dena (%92) . Txertatu Merkatuan programak gizarteratzeko eta lana aurkitzeko proiektuak eskaintzen dizkie 500 gazteri baino gehiagori.