Gero eta handiagoa da herritarren jakin mina osasuna, estetika eta ongizatearen inguruan, baina zalantzak ere ugariak izan ohi dira. Datorren astean horietako asko argitzeko aukera izango da, Aterpea merkataritza elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako jardunaldietan. Herriko dendariek hitzaldiak emango dituzte egunero-egunero, astelehenetik ostiralera bitartean, Villa Mirentxun; logopedia, osteopatia, hortzen higienea, estresa eta beste hainbat gai jorratuko dituzte. Horrez gainera, merkataritza elkarteko dendetan ere izango dira ekitaldiak.
Lehen aldiz antolatu dituzte osasunari, ongizateari eta estetikari buruzko jardunaldiak. “Aterpea hiru sektore nagusik osatzen dute; ostalaritzak, zerbitzuek eta merkataritzak. Eta zerbitzuko departamenduak interesgarritzat jo zuen jardunaldi hauek antolatzea”, adierazi du Ramon Ormazabal Aterpeako presidenteak. Jardunaldietan parte hartzen duten dendak erraz identifikatu ahal izango dira: alfonbra berde bat eta ekitaldien programa eta ordutegia izango dituzte sarreran.
Villa Mirentxun zazpi dendak azalduko dute haien jarduna. Astelehenean, 19:00etan, Hitz Kiribil logopedak hitzaldia emango du: Zer da logopedia? Nola lagun diezaioket nire semeari? Hurrengo egunean, asteartean, bi hizlari izango dira. Amaia Olondris podologoak Oin-arrastoaren estudioa azalduko du, 17:00etan. Ondoren, 18:00etan, Maiane lurrundenda azalaren zaintza naturalei buruz arituko da. Asteazkenean, 18:00etan, Noelia Calero osteopatak umeen, emakumeen eta haurdunen osasunari buruz hitz egingo du. Ostegunean ere bi hitzaldi egongo dira: Aldaz hortz klinikak hortzen zuriketaren eta higienearen inguruan jardungo du, 17:00etan. Jarraian, Lasarteko Parafarmaziak estresa eta haren tratamendua azalduko du, 18:30ean. Ostiralean amaituko dira jardunaldiak: Haritza Terapia Energetikoak Osteopatia, bizimodu bat hitzaldia emango du.
Horrez gainera, aste osoan bost dendatan ere izango da jardunaldietan parte hartzeko aukera. Oihana Estetikan aurpegirako eta gorputzerako tratamenduen inguruan arituko dira, astelehenean, 11:00etan; Ana ileapaindegian zorrien tratamendu naturalak azalduko dituzte, asteartean, 18:00etan; Naturhousen elikadura intolerantziaren azterketa doan egingo dute astelehenean, aurretik ordua eskatuta; Lizarri optikan ikusmen azterketa egingo dute doan aste osoan; eta, azkenik, Eka Yoga Studion yoga tailerra egingo dute ostiralean, 19:00etatik aurrera.
Jesus Zaballos Lasarteko alkatearen esanetan, jardunaldi horiek erakusten dute herriko merkataritza bizirik dagoela. “Estetika, osasuna eta ongizateari buruzko interesak bultzatu du jardunaldi hauek egitea lehen aldiz. Espero dugu herritarrek parte har dezaten. Horrek esan nahiko du osasuna intereseko dugula”.