Beti esan ohi da asteburuak ziztu bizian igarotzen direla. Ostiral arratsaldea iritsi eta ohartzerako astelehen goiza dela. Bukatzear den honetan ere hori gertatuko da seguru asko, baina Erketz dantza taldekoek (antolatzailea) eta gainontzeko guztiek gozatu ez dutela inork ezingo die esan. Dantzari Eguna ospatu zuten atzo, eta Dantzari Txiki gaur. Dantzan igaro dute asteburua.
Erketz bera, Kantabriatik etorritako Suances eta Usurbilgo Orbeldi aritu ziren atzo Okendo plazan, ordubete pasatxoz. Euren errepertorioko dantza onenak eskaini zituzten ikuslez lepo zegoen oholtza inprobisatuan.
Gaur berriz, dantzari gazteenen txanda izan da. Lurra, Ereintza, Arkaitz, Urki, Kukuka eta Erketz taldeek hartu dute parte aurten. Goizean zehar herriko kaleetan barrena desfilatu dute, zenbait gunetan geldialdia egin eta dantzak eskainiz. Udaberri elkartean indarrak hartu eta gero, Okendo plazako oholtzan aritu dira, giro ederrean. Bakoitzak hiruzpalau dantza taularatu ditu, eta bukaeran, Ttirriki-Ttarrakako kideen doinuek lagunduta, arin-arina, fandangoa eta kalejira dantzatu dituzte.