'La del manojo de rosas' zarzuela eta Irungo kontserbatorioaren emanaldia. Bi ikuskizun horiekin bukatu da Musika Astearen bosgarren edizioa. Danok Kidek eta Udalak elkarlanean antolatutako egitasmoak herritar ugari erakarri ditu Manuel Lekuona kultur etxera.
Ostiral arratsaldean taularatu zuten Pablo Sorozabalek sortutako 'La del manojo de rosas' zarzuela. 1934an kokatzen da kontakizuna, Madrilgo plaza batean. Taberna bat, garaje bat eta 'Arrosa-sorta' deitutako loredenda daude bertan. Garajean lan egiten du Joaquinek, eta baita ofizioa ikasten ari den Capo ere. Loredendaren jabea Daniel da, eta alaba Ascensionekin batera darama negozioa. Tabernako zerbitzaria, berriz, Espasa da. Danielek nahi du bere alaba Ricardo gaztearekin ezkontzea, baina Joaquin maite du Ascensionek.
Irungo kontserbatorioko orkestraren emanaldia
Atzo arratsaldean berriz, Irungo kontserbatorioko ikasleek emanaldi ederra eskaini zuten kultur etxeko auditorioan. Raffaela Accella zuzendariaren gidaritzapean, Mozart eta Vivaldiren zenbait pieza interpretatu zituzten, besteak beste. 90. hamarkadan hasi zen emanaldiak taularatzen aipatu orkestra hau. Orduz geroztik, Irunen ez ezik, hainbat eta hainbat tokitan eskaini ditu ikuskizunak. Era berean, Euskal Herriko, Madrilgo, Kataluniako edota Extremadurako kontserbatorioekin esperientzia trukaketa ugari egin ditu. Atzerrian ere egon dira, Alemanian eta Suitzan zehazki.