Bihar ospatuko da Zubietan errausketaren aurkako eguna, baina gure herrian ere ari dira ekitaldi desberdinak egiten. Gaur arratsaldekoa, esaterako: Lasarte-Oriako EH Bilduren deiari erantzunez, dozenaka herritar EAJren batzoki aurrean elkartu dira protesta egiteko. 'Errausketarik ez!' lelodun afixa eskuetan, adierazi dute ez daudela ados "lasarteoriatarron osasuna betiko kaltetu eta udal ekonomia 35 urterako hipotekatuko duen proiektuarekin". Bide batez, bihar gure herritik kilometro eskasera egingo diren ekintzekiko atxikimendua adierazi dute.
"Duela sei urte jarri zuten lehenengo harria eta harro agertu ziren horrengatik. EH Bildu instituzioetara iritsi zen orduan, eta proiektua geratzea lortu zuen. Orain, agintari aldaketarekin berrartu egin dute gaia, berriro jarri nahi dute. Hori da EH Bilduk daukan erronka, herri mugimenduaren eskutik: Zubietan eraiki gura duten errauste planta gelditzea, badakigulako ez dela beharrezkoa", nabarmendu du alderdiaren bozeramaile Pablo Barriok. "EAJren batzoki aurrean elkartu gara gaur, alderdi horietako kideak direlako egitasmo honen bultzatzaileetako batzuk, interes handiekin, dirudienez", gehitu du Barriok.