Margotutakoa erakusten

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 20a, 18:11

Brancussi margolaritza akademiako ikasleen lanak Antonio Mercero aretoan daude ikusgai atzotik. Ekainaren 2ra arte daukate herritarrek bertara joan eta ikasle gazteen arteaz gozatzeko.

Antonio Mercero gunea kolorez bete zen atzo arratsaldean. Ikasleen margolanekin erakusketa bat prestatu du Brancussi akademiako irakasle Jose Maria Mongek. 50 neska-mutil baino gehiagok urtean zehar margotutakoa erakusteko aukera dute orain. Ekainaren 2ra arte edukiko dute herritarrek arteaz gozatzeko aukera, Antonio Mercero aretoan esan bezala, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era. 

Atzo arratsaldean inauguratu zuten. Bertan egon ziren hainbat udal ordezkari ere, margolanak ikusten. Ikasle eta irakasleak ere bai, jakina, eta baita lagun eta ahaideak ere. Talde argazkia atera zuten denek elkarrekin, eta lanak ikusi eta gero, ondoko gelan 'lunch' goxo bat dastatu zuten.