Gertu-gertutik ezagutu zuten KTGko gazteek Bizipoza egitasmoa atzo arratsaldean. Saio berezia egin zuten anbulategiko erabilera anitzeko gelan, hainbat gonbidaturekin: Leire Elizegi Bizipoza proiektuko kidea, Sanfilippo eritasuna duten haurren eta euren familien alde boluntario lanetan aritzen den Nerea Godoi eta Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'. Hiruek azaldu zieten gazteei zertan den aipatu egitasmo hori.
Kuadrillategiko kideek erabaki dute aurten egin dituzten egitasmoetan (KTG Sutan jaialdia, esate baterako) bildutako irabazien zati bat Bizipozari donatzea. Atzo egin zuten ekitaldi sinbolikoa, saioaren amaieran.
"Munduak guztiontzat beharko luke"
Bizipoza proiektuaren web orrialdean irakur daiteke tartekiko esaldi hori. Eta atzo arratsaldean behin baino gehiagotan errepikatu zuten gonbidatuek. Batez ere, Joxe Mari Agirretxek. Joxe Mari gisa hitz egin aurretik, ordea, Porrotx bezala aritu zen. Gazteek ederki pasa zuten koloreen jokoan jolasten.
Ondoren, esan bezala, sudur gorria kendu eta hainbat hausnarketa partekatu zituen Agirretxek gazteekin. Besteak beste, errepasatu zuen bere ibilbidea pailazo bezala, eta munduaren egoerari buruz ere aritu zen: "Bi aukera ditugu, mundua guztiontzat izateko lan egitea, edo beste batzuk zapalduz guk burua ateratzea, ahalik eta ongien bizitzeko". Mundu hobe baten alde lan egiten diren hainbat elkarte eta proiektu aipatu zituen, tartean Bizipozarena. Leire Elizegik eta Nerea Godoik hartu zuten hitza ondoren, egitasmoaren nondik-norakoak azaltzeko.
Euskaraz eta elkarlanean
Elizegik azaldu zuenez, alor desberdinetan lanean ari diren 33 elkarte ari dira parte hartzen uneotan Bizipozan. "Euskaraz eta euskararentzat egiten da eta elkarlanean oinarritzen da", nabarmendu zuen herritarrak. Webgunea erakutsi zien gazteei, eta baita bideo bat jarri ere: Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearen jardunari buruzko hiru minutuko pieza ikusi zuten, marrazki bizidunetan. Horrez gain, jakin zuten Bizipoza proiektuak jaialdi erraldoi bat antolatzen duela urtero. Joan den urtekoa Usurbilen egin zuten. Bertako irudiekin egindako muntaia ere ikusi zuten. Bukatu aurretik, Elizegik eskerrak eman zizkien KTGko kideei, euren ekarpentxoa egiteagatik.
"Ematen dena baino gehiago jasotzen da"
Esaldi horrekin laburbildu daiteke Sanfilippo eritasuna duten haurren alde bolondres lanetan aritzen den Nerea Godoik atzo plazaratutakoa. Hamasei urterekin familia bizkaitar bat ezagutu zuen, Naiara eta Joxe Angelena hain zuzen. Godoik zehaztu zuenez, 50.000 haurretik bat jaiotzen da gaixotasun bitxi horrekin. Probabilitatea hori izanda, bikote bizkaitarraren hiru seme-alabek pairatzen dute gaitz hori. "Adineko zenbait pertsonek edukitzen duten Alzheimerra bezala da Sanfilippo, baina haurrak gaixotzen dira". Nereak erabaki zuen familia horri lagundu nahi ziola, eta bere ikastetxeko ikasle bakoitzari eskatu zion euro bateko ekarpena egiteko. Handik denbora gutxira 3.000 bildu zituen, eta LipDub bat ere egin zuten.
"Boluntario gisa lanean daramadan denboran ikasi dudan gauzetako bat da ematen duzuna baino askoz ere gehiago jasotzen duzula. Elkarrizketa bat egin zidaten behin, eta hori galdetu zidaten; erantzun nien euren kamerek ez zeukatela nahikoa memoriarik nire erantzuna osorik grabatzeko, ikaragarri gauza pila jasotzen ditudalako bolondres gisa aritzen", kontatu zuen bizkaitar gazteak. Era berean, adi-adi entzuten ari ziren gazteak animatu zituen boluntario lanetan hastera.
Bukatu baino lehen, donazioaren ekitaldi sinbolikoa egin eta talde argazkia atera zuten denek, giro ederrean.