Lanpetuta aritu dira pasa den asteburuan Buruntzaldea IKTko igerilari benjamin eta alebinak. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa jokatu zuten bigarrenek Tolosako Usabal kiroldegian, oso emaitza onak eskuratuz.
Guztira, bederatzi domina irabazi zituzten: brontzezko bi –Aintzane Sarobek eta Nerea Santosek–, zilarrezko bost –Aimar Sukunzak, Nerea Santosek, Nora Imazek, Eneko Elizasuk eta Aintzane Sarobek– eta urrezko bat –Unai Somovillak–.Espainiako alebin mailako txapelketara sailkatzetik gertu geratu zen, 42 ehunekoetara alegia.
Taldeko arduradunek nabarmendu dutenez, parte hartu zuten 13 igerilariek "lan bikaina" egin zuten.
Benjaminek ere Gipuzkoako Eskolartekoan lehiatu ziren, 'Igerilari Osoa' formatuan. Maila ona erakutsi arren, ezin izan zuten podiumera igo. Ekainaren 10ean amaituko dute denboraldia herrian bertan egingo duten sarian.
Infantilak Tarbesen
Taldeko infantil Nahia Jie Villamediana, Paula Sevillano, Ainhoa Martin eta Leire Martin Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu ziren '27eme Nautiques de Tarbes' frogan.
Leire Martinek, 14 urtekoen kategorian, Euskadiko marka berria ezarri zuen 400 estiloak frogan, urrea nagusitasunez eskuratuz. Zilarrezko bi domina eta brontzezkoa ere eskuratu zituen. Errelebuetan ere parte hartu zuen Gipuzkoako taldearekin, urrea eta zilarra bereganatuz.
Bere ahizpa Ainhoak, bestalde, 100 bular frogan urrezko domina irabazi zuen. Hortaz gain, zilarra eta brontzea ere eskuratu zituen. Leirerekin batera, 4x100 estiloetako errelebuetan txapeldun izan zen.
Paula Sevillanok eta Nahia Jie Villamedianak ere lan bikaina egin zuten Tarbesen, marka pertsonal berriak ezarriz eta final ugaritara sailkatuz
Datorren denboraldira begira, izen emate epea ireki dute.