Astelehenean eman zioten hasiera aurtengo Multikultur Fest jaialdiaren 17. edizioari.
Aurtengoan, kontinente ezberdinetako kultura, ohiturak, eta bestelako hamaika ekintzaz gozatu ahal izan dute horietan parte hartu duten lasarteoriatarrek.
Askotariko ekintzak izan dira Burunzpe Guraso Elkarteak antolaturiko aipatu jaialdian eta ume zein heldu ugari bildu dira herriko Jaizkibel eta Isla plazatan egindako ekintzetan.
Europar kontinentea izan da aurtengo jaialdiko lehen protagonista. Astelehen arratsaldean, euskal mitologian aditua den Xabier Iguaranen eskutik, zenbait sendabelar eta horien propietateen inguruko hainbat ezagutza jaso ahal izan zituzten herritarrek. Horrekin batera, ikus-entzule gaztetxoenen artean ardi-ile arrotua banatu eta haria nola egin ere erakutsi zien Jaizkibel plazan bildutako gaztetxoei.
Hori amaituta, Bulgariako abestiez, dantzez eta gozogintzaz gozatu ahal izan zen.
Asteartean, Asiako kultura ezagtu asmoz hurbildu ziren herritarrak Isla plazara. Bertan, Txinako abestiak, dantzak izan ziren ikusgai, eta aipatu herrialdeko jokoetan parte hartu ahal izan zuten bertaratutakoek. Arratsaldea amaitu aurretik, aurreiritziak lantzeko dinamika bat ere egin zen.
Asteazkenean, berriz, Amerikar kontinentearen txanda izaki, Txileko ipuinak ezagutu ahal izan zituzten gaztetxoek eta baita bertako gozogintza dastatu ere. Honekin batera, Nikaraguako dantza emanaldi laburra ere eskaini zuten.
Azken amaiera festari hasiera eman aurretik, gaur, Afrikar kulturara gerturatzeko aukera bat baino gehiago izango dute lasarteoriatarrek. Honetan, Maroko izango da protagonista eta aurreko egunen antzera, bertako abestiak, ipuinak, jolas eta gozogintzaz gozatuko dute Isla plazan bildutako herritarrek.
Jaialdiaren amaiera festa
Bihar egingo dute Multikultur Fest jaialdiaren amaiera ekitaldia, Jaizkibel plazan. Arratsaldean hasi eta gauera bitarte, hainbat ekintza izango dira herritarren gozamenerako.
Arratsaldeko 16:45ean trikitilariek girotutako txokolatadak irekiko du eguneko egitaraua.
Ondoren, Txalaparta jotzen ikasteko tailerra izango da, eta horri jarraiki, Bolibiako dantzen emanaldiaz gozatu ahal izango dute Jaizkibel plazara gerturatzen direnek.
Gaueko ekintzari hasiera eman aurretik, Gaztelekuan, DJ Aitor arduratuko da giroari musika jarri eta jendea dantzarazteaz.
Amaitzeko, gaueko 21:00etan, kultur aniztasuna karaoke txapelketa egingo da 2KN kafetegian. Antolatzaileek dei egiten dute parte hartzera.