LOKEko gimnasta ugarik hartuko du parte Gipuzkoakoan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko maiatzaren 17a

Gipuzkoako amateur txapelketan lehiatuko dira

Eibarko Ipurua kiroldegian hitzordu garrantzitsua dute LOKEko gimnastek bihar. Gipuzkoako amateur txapelketa egingo dute egun osoko jardunaldian.

Goizean Kadete B taldeak hartuko du parte pilota eta uztailekin. Arratsaldean, berriz, Senior A taldearen txanda iritsiko da. Hauek, berriz, pilotarekin soilik lehiatuko direla jakinarazi du Maite Rueda entrenatzaileak.

Taldekako lanak amaitu ostean, bakarkakoei ekingo diete. LOKEko bi izango ditugu modalitate honetan: Alazne Gonzalez eta Aizpea Arroyo. Biak zinta eta pilotarekin arituko dira.

Igandean, berriz, alebinak udaberri txapelketako bigarren fasean lehiatuko dira Tolosako Usabal kiroldegian. 30 taldeen artean egongo dira LOKEko biak: Landaberri eta Sasoeta.