"Kultura leku guztietan" programaren aurkezpena

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 16a, 19:32

Aterpea elkarteko kide diren merkatarien establezimenduetan kultura jarduerak egiteko aukera eskaintzen du "Kultura leku guztietan" ekimenak

Astelehenean izan zen "Kultura leku guztietan" programaren aurkezpena udaletxean. Jesus Zaballos alkatearen esanetan, herriko eragile kulturalak eta Lasarte-Oriako komertzianteen arteko elkarlan honen bidez, kultura irisgarritasuna handitu nahi da. Ekimenaren helburu nagusiak kultura sustatzeko gune alternatibo berrien sorrera bultzatzea, artistei beren sorkuntzak promozionatzea eta herriko merkataritza sustatzea dira. Horretarako, herriko establezimenduetan erakusketak, kontzertuak eta era guztietako errepresentazio artistiko eta kulturalak antolatzea da "Kultura leku guztietan" programaren egitasmoa.

Zein establezimenduetan ze ekintza, aurkeztu diren komertzio bakoitzak dituen ezaugarrien eta erabilgarri daukaten lekuaren azterketa baten ondoren izango da; leku bakoitzean, jarduera egokiena eskaini nahi baita. Lasarte-Oriako gune kulturalak dibertsifikatu nahi dira eta egunerokotasunean kontaktuan egon gaitezkeen lekuak kulturaz busti kontzertu, formatu txikiko antzezlan, monologo, erakusketa, irakurketa eta beste ekintza kulturalen bitartez.  

Udaletik diote ez dela izango epe laburrerako programa, 2017 urte osoan zabalduko den ekimen bat baizik. Zirkuitu horretan parte hartu nahi luketen komertzianteek bete beharreko baldintza bakarra, Aterpea merkatari eta ostalarien elkarteko kide izatea da. Udalak bere gain hartuko ditu establezimenduaren eta ekintza kulturalen arteko egokitasunaren azterketa eta erabakia. 

Deialdian interesa duten komertzianteek maiatzaren 15etik 26ra bitartean adierazi beharko dute, kultura@lasarte-oria.eus posta elektronikora mezu bat bidaliz edo 943 376 181 telefonora deituz (Kulturako Departamentua).