Azken jardunaldian lortu du lidertza Aita Amarik

martin-vicioso 2017ko maiatzaren 12a

Lehenak eta bigarrenak elkarren aurka jokatu zuten fase erregularreko azken jardunaldian. Kattagorri-Insausti taldea 5-0 menperatu ostean, Aita Amarik eskuratu du fase erregularreko talde onena izatearen ohorea

Ohorezko saria besterik ez da, baina fase erregularreko txapeldun geratu izana motibazio ziztada izango da Aita Amari taldeko jokalarientzat. Jardunaldi askotan lidertzaren jabe izan den Kattagorri-Insausti 5-0 garaitu ondoren, postua eurenganatu dute.

Ondorengo postuetan ez da aldaketarik egon, eta bi lehenen ostean geratu dira, hurrenez hurren: Trumoi, Kebab, Izkiña, Urdaneta HK, Also, Ilargi, Indaux,  Viña del Mar, Reformas Lagunak eta Txoko.

Hala, lehenengo zortziek euren buruak neurtuko dituzte ikurrinaren bila partidu bakarreko kanporaketetan.

Liderrak Ilargi gainditu beharko du bihar txapelketaren lehian bizirik jarraitu nahi badu. Bien arteko irabazleak 2016ko txapelduna edo txapeldunordea izango du zai. Izan ere, Izkiñak eta Kebab Tabernak –Txindoki zenak– haien artean jokatu beharko dute final zortzirenetan. 

Beste aldetik, Kattagorri-Insaustiren eta Alsoren arteko garaileak Trumoiren eta Urdaneta HKren artekoa izango du aurkari. 
Larunbatean jokatuko dira partidu guztiak. Goizean, Michelingo kirolguneko zelaian, Kontsolazio faseko partiduak. 10:00etan Txokoren eta Indauxen artekoa, eta 11:00etan, Viña del Mar-en eta Reformas Lagunaken artekoa. Arratsaldeko 15:00tatik 18:00tara programatu dituzte 'playoff'-etakoak.

Aurtengo formatuak ezustekoak egoteko aukerak handituko ditu. Izan ere, partidu bakarrera, teorian ahulagoak diren taldeek min handiagoa egin ahal izango dute.

Ostadar, mantentzeko lehian 

Zalditxo de Araia taldearen kontra 1-3 galdu ostean, jaitsiera postuetatik ateratzeko aukera galdu zuen Ostadar Antonio Aroztegiak. 19 punturekin dira, eta momentu honetan Nazional 3. mailan mantenduko litzatekeen San Jorgek 2 gehiago ditu.

Horregatik, hil ala biziko norgehiagoka jokatuko dute urdinbeltzek etzi Santurtziko Mikel Trueba kiroldegian.

San Jorge Peñota Dental izango dute aurkari eta, esan bezala, irabaziz gero, jaitsiera postuetatik aterako lirateke. Bi jardunaldi falta direla, finala balitz bezala prestatuko dute lasarteoriatarrek.