Ofizialki abiatu dituzte Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak eta Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, 2019ko udazkenean martxan jartzea espero dute. Urbaser enpresak kudeatuko du obra, eta Meridiam Investments-ek, Altuna Y Uriak, Moyuak, Muriasek eta LKS-k ere parte hartuko dute.
Manifestari ugari bildu zen 'zero gunearen' kanpoaldean erraustegiaren inguruko desadostasuna agertzeko asmotan. Gipuzkoako herri askotan elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten astelehenean, eta bi egun beranduago Zubietan egin dute protesta.
Ahaldun Nagusi Markel Olanok garrantzia kendu zien protestei. Bere ustez, "hauteskundeetan erakutsi zen herritarren gehiengoak proiektua babesten duela". Aldi berean, obraren sustatzaileek nabarmendu zuten hondakinen kudeaketan "Gipuzkoan bizi zen blokeo egoerari erantzuna" eman zaiola.