Gaurkoan 2.303 lasarteoriatarrek gauzatu dute euren erabakitzeko eskubidea. %14,78koa izan da parte-hartzea. Dena den, gaurko egunean, maiatzaren 7an gertatutakoa zenbakiez askoz harago doa. Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kide Jose Carlos Carrascok argi asko azaldu du: "Goxo, jai giroan plazaratu dugu gaia, ongi egin dugu dena; batzen gaituena ospatu dugu, ez banatzen gaituena. Hasi aurretik bagenekien irabazi egin dugula gaur. Irabazi dugu. Lasarte-Orian".
Duela hiru urte hasi zen erabakiaren olatua Euskal Herriko itsasertzetara iristen. Gurera 2017an iritsi da, eta nola iritsi ere: herritarrek gogo onez bozkatu dute, eta, horrez gain, aktiboki hartu dute parte egun osoko Erabaki Fest jaian. Horrez gain, ezin ahaztu joan den astean zehar aurretiazko botoa eman zuten lasarteoriatarren ekarpena. Denera, 2.303 irribarre ekarri ditu erabakiaren olatuak Lasarte-Oriara.
Honako bi galderei erantzun diete 2.303 lasarteoriatar horiek: 'Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi al duzu interes publikoko gaietarako?', eta 'Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu estatu burujabe bateko herritarra?'.
Goizetik iluntzera arte
Jai giroa izan da nagusi Lasarte-Orian, goizetik iluntzera arte. Bolondresak, antolatzaileak eta berme-batzordeko kideak goizean goiz jaiki dira ilusioz beteriko egun bati ekiteko. Hauteslekuetako batean, Arrieskalleta elkartean elkartu dira hainbat antolatzaile, goizeko mezua irakurri eta herritarrak botoa ematera animatzeko. Hortik aurrera ireki dira gainontzeko hauteslekuak ere, etxafero-soinuek hauspotuta. Goizean zein arratsaldean zehar ilarak ikusi ahal izan dira horietan, erdigunekoetan batez ere: Arrieskalletan eta Ostadar SKTren egoitzan. Gainontzeko hautestontziak Lasartearra elkartean, Zabaleta Auzolanen lokalean, Oriako Denda Berrin eta Sasoeta auzoan egon dira.
Sei gune horietan bezainbesteko (eta une askotan gehiagoko) mugimendua egon da Okendo plazan. 11:00etan hasi da Erabaki Fest-en egitaraua, zunba saioarekin. Gorputza astindu dute lasarteoriatarrek, eta baita Kukuka antzerki eta dantza eskolako taldeek zein Ostadar Ipar Martxako kideek ere, koreografia desberdinak taularatuz. Eguerdian berriz, 'Hamaika itxaropen' abestiaren sortzaileen doinuek lagunduta, zerurantz altxatako eskuek hartu dute plaza. Eskuen ostean iritsi da olatu erraldoia, Porrotx pailazo bihurriak gidatuta. Ehundaka herritar elkartu dira Okendon, 'Erabaki' afixak eskuetan zituztela. Goizean zehar gelditu gabe aritu ostean, indarrak hartzera abiatu dira hainbat herriko tabernetan barrena, pintxo-pote girotuan. Ordu eta erdi beranduago berriz, Okendora bueltatu eta karpan bazkaldu dute, norberak bere janaria eramanda.
Bazkalostean lokartzeko gogoa sartzen da askotan, baina gaurkoan ez da horrela izan. Unai Muñoa eta Ane Labakaren bertsoek, erromeria inprobisatuak eta gure herrian hain ezagun egin den Safri Duo taldearen doinuek eragotzi dute hori. Bien bitartean, finalerdietara sailkatutako zortzi bikoteek Loratu Mus txapelketako sari potoloenak irabazten saiatu dira. Azkenean, Aitzol Irazustabarrena eta Jose Manuel De la Serna 'Karrantxo' izan dira garaile, finalean Xabi Arteaga eta Axular Iparragirreri irabazita. Txapelketako babesleak Noaoa! Bidaiak eta Patxi Larrañaga zein Etxezarreta harategiak izan dira. Musa eta gero, berriro ere dantza egiteko unea, Zigor Lanpre DJaren eskutik. Ordu eta erdiko saioaren ondoren, Xumela abesbatzako kideek eta herriko txistulariek hartu dute lekukoa, eta erdigunean ibili dira kantu-jiran.
Eta, eguna biribiltzeko, azken ekitaldia. Jon Altuna Egitegi kazetariak egin ditu esatari lanak. Oholtza gainetik igaro dira Tomas Arruti eta Pontxo Morales txalapartariak, Erketz dantza taldeko dantzariak, berme-batzordeko kideak eta baita herri galdeketa antolatu dutenak ere. Bereziki hunkigarria izan da azken hauek igo direnean taula gainean, 'Eskerrik asko' esaldiaren hizki bakoitza eskuetan hartuta. Horrez gain, iragarri dute zein izan den gaurko boto kopurua: 2.303. Plazan bildutakoek txalo zaparrada luzeak jo dituzte albistea jakitean.
Antolatzaileen balorazioa
Azken ekitaldi hori gaurko eguna baloratzeko probestu dute antolatzaileek. Jose Javier Clemente berme batzordeko kideak adierazi duenez, "normal" joan da dena, "ezustekorik gabe". Jose Carlos Carrasco Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kideak gogoeta hau plazaratu du: "Gaur erantzun behar ziren galderak aurkezterakoan beste bat egin genion gure buruari: 'Zenbat gara?'. Gaur erantzun dugu. Asko gara. Bide onean goaz, elkarrekin egin behar dugu lan. Lasarte-Orian egin izan dira ekitaldi handiak askotan, muskuloa eta estiloa dauzkagu, eta berriro erakutsi ditugu gaur. Eskerrik asko guztioi".
Arrate Oianguren taldekideak nabarmendu du "ondo egindako lanaren ondorioa" izan dela gaur Lasarte-Orian gertatutakoa. "Behin baino gehiagotan galdetu diogu gure buruari ea gai izango ote ginen horrelako zerbait antolatzeko, eta erakutsi dugu baietz, Lasarte-Oria plazarik errazena ez den arren. Eskerrik asko hau posible egiten lagundu diguzuen guzti-guztioi".