Gipuzkoako herri askotan errauskailuaren kontrako oihu eta burrunbak entzun ahal izan ziren atzo.
Erraustegiaren kontrako mugimenduak elkarretaratze zaratatsuak deitu zituen lurralde osoan, eta Lasarte-Oriako Okendo plazan ere hitzordua jarri zuten arratsaldeko 19:00tan.
Kazerolak, txilibituak, zartaiak eta mota guztietako tramankuluekin sortu zuten zarata bertaratu ziren 300 lagun inguruk. Hasierako burrunbaren ostean, Hipodromo etorbidetik abiatu eta kale Nagusian sartu ziren, berriro ere Okendo plazan amaitzeko.
Bertan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek komunikatua irakurri zuten, hurrengo egun eta astetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deituz.
Etorkizunera begira
30 edo 40 urte barruko Euskal Herrian jarri zuen fokoa irakurritako dokumentuak. Erraustegiak "osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa kaltetuko" dituela nabarmendu zuten.
Gizarteak bizi duen "krisi ekonomiko eta soziala" ere izan zuten mintzagai. "Erabili eta bota" ardatz duen eredua sostengaezina da mugimenduko bozeramaileen ustez. Horren aurrean, osasunarekiko eta ingurumenarekiko begirunea izango duten neurriak hartzeko eskatu zuten.
"Minbizi eta gaixotasun arraroak pairatzen dituzten pertsonen kopurua areagotzen ari dela" kontuan hartuta honako galdera luzatu zuen Marijo Vivas bozeramaileak: "Nolatan baimenduko dute denok arnasten dugun airea kutsatuko duen erraustegia eraikitzea?".
Bestalde, inbertsio publikoak "proiektu faraonikoetan xahutu izana" leporatu zieten erakundeei. Aldi berean, "osasungintzan, irakaskuntzan eta gazte, ezindu eta pobreei emandako laguntzetan egindako murrizketak" salatu zituzten.
Gauzak horrela, "alferrikakoa eta gipuzkoarron bizitzak 35 urterako hipotekatuko duen erraustegiari ezetz" esateko eskatu zuten.
Erraustegiaren kontrako eguna
Asteazkenean ere errauskailuaren kontra mobilizatuko dira Bugatin, planta berria egingo duten eremutik oso gertu.
Bestalde, hilaren 27an dute aldarrikapenerako hitzordu garrantzitsua Zubietan: Erraustegiaren kontrako eguna antolatu dute. Jakitera eman dutenez, egitaraua hurrengo astetan azaleratuko dute.