Giro ederra Azkorteko erromerian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 18:30

Urtero legez, hainbat herritar igo dira Azkorteko ermitara maiatzeko lehen igandean, Ttakun Kultur Elkarteak bertan antolatu duen erromeriaz gozatzeko. Eguraldia lagun izan dute goiz osoan zehar.

Goizean goiz esnatu eta eguzkia dir-dir egiten ikusi ostean, herritar ugarik mendiko arropak jantzi eta Azkorteko ermitara igo dira, Ttakun KEk antolatu duen erromeriaz gozatzera.

Ermita txiki geratu da beste behin ere hamaiketako meza entzuteko. 09:30etik hasita, Biyak Bat egoitza paretik hainbat autobus igo dira jendez beteta Azkortera. Mezara sartu ez direnek, goizeko ibilalditxoaren ostean indarrak hartzeko pintxo goxoak zein edari freskoak dastatu dituzte erromeriako postuan.

Ttirriki-Ttarrakako lagunek ere ez dute hutsik egin, eta euren trikiti zein pandero doinuekin alaitu dute goiza. Bien bitartean, herri kirolen desafioak ere jendetza bildu du: Telleriatarrak harriak jasotzen ibili dira, eta Mugertza anaiek hainbat enbor moztu dituzte aizkora eskuetan hartuta.

Antolatzaileak gustura dira aurtengo erromeriak izan duen harrerarekin. Egindako lanaren ostean atseden hartzea dagokie orain.

Argazki galeria