Arteaga finalera sailkatu da buruz burukoan ere

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 14:31

Promozioko binakakoan txapela jantzi eta hilabete pasatxora, Axier Arteagak buruz buruko finalean aritzeko txartela poltsikoratu zuen atzo arratsaldean Tolosako Beotibarren, Jon Ander Peña tolosarrari 22-16 irabazita.

Berriro ere final batera. Eta, berriro ere, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Frontoi horretan duela hilabete pasatxo Promozioko binakakoan txapela jantzi eta gero, buruz buruko finalean aritzeko txartela poltsikoratu zuen aurrelari lasarteoriatarrak joan den larunbatean, Jon Ander Peñari 22-16 irabazita. 

Apirilaren 1eko finalean bi horien artekoa izan zen aurreko koadroetako lehia. Larunbatean, berriz, kantxa osora aritu ziren nor baino nor gehiago. Bien arteko dema duela hilabetekoa baino dezente orekatuagoa izan zen. Gogotik egin behar izan zuen lan Arteagak garaipena erdiesteko.

Indartsu ekin zion neurketari aurrelari tolosarrak: 2-7 aurreratu zen. Dejadaz egin zituen hiru tanto eta sakeaz ere baliatu zen markagailuan tartea irekitzeko. Arteagak berehala erreakzionatu zuen ordea, eta berdinketa bakarrik ez, aurretik jartzea ere lortu zuen, 8-7. Bere errepertorioko onena erakutsi zuen: ezker gantxoak, eskuinkada zitalak eta baita buruz gain egindako tanto bat ere. 6-0eko partziala jaso zuen Peñak, baina ederki erantzun zion, bost tanto eginez jarraian. Orduz geroztik, Peñaren aldeko tanto-tartea gero eta murritzagoa bilakatu zen, 14na berdintzeraino. Orduan berriro ere Peña aurreratu zen, 14-16, eta hori izango zen neurketa osoan egingo zuen azken sakea (pasa egin zuen gainera), ordutik aurrera gorri kolorekoak izan baitziren tanto guztiak. 18-16 aurreratu eta bigarren atsedenaldira joan arren, horrek ez zuen herritarraren erritmoa eten eta abiada betean ailegatu zen 22. tantora. 

Bakaikoa aurkari

Datorren asteko larunbatean jokatuko da final handia, Iruñeko Labriten. Arteaga gorriz ariko da berriro, aurten debutatu duen Joanes Bakaikoa izango baitu aurkari. Faborioetako bat, Gorka utzi zuen kanpoan aurrelari nafarrak finalerdietan; 22-14 irabazi zuen.