Ostadar, ezustekoa ematetik gertu (58-54)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mai. 7a, 14:22
Errendimendu junior mailako neskek partidu bikaina jokatu zuten kategoria horretako Lauko Finala irabazteko hautagai nagusi den Easoren aurka. Lehen laurdenean ez ziren guztiz fin aritu baina gainontzekoetan estu hartu zituzten donostiarrak.

Ostadar SKTrentzat Lauko Finalera iristea nahikoa sari dela pentsatzen duenak ez du ezagutzen taldeak daukan lehiatzeko eta borrokatzeko gosea. Errendimendu junior mailako neskek denboraldi aparta osatu dute, eta guztiz biribiltzetik gertu egon ziren atzo arratsaldean, Easoren aurka jokatutako neurketan. Ander Otaegik entrenatutako jokalariek estu hartu zuten hautagai nagusia, baina ezin izan zuten ezustekoa eman. Azkenean, 58-54 Easoren alde.

Lehenengo laurdenean urduri samar kantxaratu ziren urdin-beltzak (larunbatean bigarren kirol-ekipamenduarekin jokatu zuten, kamiseta zuriarekin, hain justu), eta hori baliatu zuen Easok markagailuan ihes egiteko. Lehenengo hamar minutuetan dena eman zuten herriko taldeko neskek, baina baloia eskuetan zutenean ez zituzten erabaki onenak hartzen eta baloi dezente galdu zituzten, Easori saskiratzeko aukera gehiago emanez. Eta, donostiarrek ongi asko erakutsi zutenez, erraztasunak emanez gero ez dute barkatzen.

Partiduaren gidoia erabat aldatu zen bigarren laurdenean, ordea. Ostadar askoz hobeto hasi zen jokatzen, defentsa-lan bikaina eginez eta kontraerasora bizkor ateraz. Easok faltak eta faltak egitea beste erremediorik ez zuen izan. Ondorioz, jaurtiketa-libre lerrora dezentetan joan ziren Ostadarreko jokalariak, nahiz eta guztietan ez asmatu. Atsedenaldira 27-26 galtzen joan ziren, eta markagailuari buelta ematetik gertu, baina azken jokaldia ez zuten saskiratu.

Bigarren zatiko hogei minutuetan bi taldeek euren onena eman zuten kantxan. Easo konturatu zen ez zuela partidua erraz irabaziko. Ostadarrek berriz, are gehiago sinesten zuen ezustekoa ematean minutuak igaro ahala. Dena dela, arestian esan bezala, balentria egitetik oso gertu geratu ziren urdin-beltzak, baina larunbatean egindako ahalegina ez zen aski izan azkenean: 58-54 irabazi zuen Easok. Majo izerdituta, hori bai.

Ezin aipatu gabe utzi Ostadar azken segundora arte animatu zuten zaleak. Hainbat izan ziren Gasca kiroldegira hurbildu eta taldea babestu zuten herritarrak.

Final handia: Oiarso-Easo

Jose Antonio Gasca kiroldegian neurtuko dituzte indarrak datorren larunbatean Oreretako Oiarsok eta Donostiako Easok. Teorian Easo da faborito nagusia, baina ezustekoren bat egotea ezin baztertu daiteke. Oso gertu egon zen Ostadar atzo, eta agian egingo du Oiarsok.

Atzoko argazki galeria