Memoria historikoaren botilatxoa mezuz eta testigantzaz betetzen jarraitzen du Islada Ezkutatuak taldeak, nekaezin. Lan eskerga horretan, baina, badituzte hainbat laguntzaile. Horien artean, urtero-urtero taldeko kideekin bildu eta euren bizipenak kontatzera animatzen diren herritarrak. Aurten hamazazpi izan dira eskertza beroa jaso dutenak udaletxeko pleno aretoan.
Mailu Arruti Islada Ezkutatuakeko kideak egin du sarreratxoa. Laburki azaldu du ekitaldiaren egitaraua eta nabarmendu du "oso pozik" daudela elkarteko kideak: "Erakusketa iraunkorra jarri ahal izan dugu aurten udaletxeko harreran; oso kontentu gaude, benetan garrantzitsua dela uste dugulako".
Ostean, Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie ekitaldira joandakoei, eta, bereziki, Islada Ezkutatuakeko kideei. 2007ko Memoria Historikoaren legearen garrantzia azpimarratu du, eta gaitzetsi gaur egungo Espainiako Gobernu Zentralak "memoria historikoa berreraikitzera bideratzen duen diru-kopuru eskasa". Datu batzuk ere eman ditu: "Espainia da, Kanboia eta gero, hobi komun gehien dituen herrialdea: 114.000 pertsona desagertu inguruz ari gara hizketan. Errepresio frankisten biktimek bide bazterretan jarraitzen dute, beste bandokoek erreparazioa jaso zuten bitartean. Baina biktima horiek presente jarraitzen dute, eta justizia eskatzen dute".
Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak azpimarratu du memoria ez dela "hasi eta amaitu egiten den zerbait", baizik eta "guztion artean egunero egiten dugun ariketa bat". Haren ustetan, "bakoitzak bere esperientzia kontatuz" aberasten du memoria kolektiboa: "Denon artean eraiki behar dugu, eta zintzoki jaso. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiet batez ere Islada Ezkutatuak taldeko kideei, egiten ari diren lan bikainagatik".
Akordeoi doinuak eta emozioak
Hitzak, akordeoi doinuak, eta, batez ere, emozioak. Horiek denak nahastu dira gaur eguerdian pleno aretoan. Joseba Tapiak, akordeoiak lagunduta, jarri du musika: Quebec-en (Kanada) topatutako eta euskarara ekarritako abesti 'Maitasuna helduko da' eta 'Madrilgo lagunak' interpretatu ditu.
Islada Ezkutatuakeko kide Joxea Muguruzak ere eskaini du hitzaldi bat, ikuspuntu historikoa jasoz, egin ohi duen bezala. Bertaratutakoei kontatu die nola Santanderreko frontean ibilitako errepublikar bat herrikoa zen: Jose Maria Azurza. Bertan borrokan aritu eta gero, Lasarte-Oriara ekarri zuten lanera, eta Muguruzak zehaztu duenez, "gerra bukatu arte" besterik ez zuen itxaron behar, baina egun batean emazte eta haur txikiaren argazki bat ikusi, eta Bartzelonara joan zen, haiekin egotera. Bartzelona altxatuen esku erori zenean, beste hainbat pertsona errepublikar bezala, Frantzia aldera egin zuen ihes, baina naziek atzeman zuten bertan, eta Mauthausen-eko konzentrazio-esparrura eraman. Bertako meatzetan aritu zen lanean aurrena, eta gas kameretako batean eraila gero. Haren biloba Asunek ere hartu du parte gaurko ekitaldian, eta hitz benetan hunkigarriak eskaini.
Hamazazpi testigantza berri
Islada Ezkutatuak taldeko kideek hamazazpi testigantza berri jaso dituzte aurten, euren lanean sakontzeko bide emango dietenak. Hori dela eta, urtero legez, euren bizipenak kontatzera animatu diren herritarrei oroigarri bana eman diete gaur: botilatxo bat, euren izen-abizenekin, eta barruan mezu bana zeramatela. Mailu Arruti joan da izenak esaten, banan bana: Arantxa eta Joxe Mari Barrenetxea Odriozola, Eugenio Azurza Gabilondo, Joxe Beloki Balerdi, Juan Luis Cano Arrillaga, Maria Luisa Rivera Iradi, Milagros Marzana Elorza, Paulina Ikutza Balerdi, Amaia eta Mari Carmen Begiristain Gomez, Agustin Santana Velazquez, Rafa Barkaiztegi Garmendia, Miren Barkaiztegi Iribar, Presentacion Agirre Arana, Juan Satrustegi Platero, Milagros Arbina Donnay eta Maria Dolores Alzaga Loyola.
Horrez gain, taldeak lanean daramatzan urteotan guztietan elkarrizketatu dituen herritarren konbertsazioak transkribatu eta koadernotxoak osatu ditu. Gaurko ekitaldian banatu dituzte horietako asko.
Ekitaldia amaitzeko, udaletxe berriko areto batean pintxo goxoak dastatu dituzte bertaratutakoek.