Alkate Jesus Zaballosek azaldu duenez, Lasarte-Oriako zenbait espazio publiko estaltzeko "hiritarren eskaera" dago. Bide horretan aurkeztu zuen ostegunean hirigintza zinegotzi Agustin Valdiviarekin batera Atsobakar auzoan egingo duten proiektu berria.
Jolas parkearen ondoko pergola estaliko dute, 200 metro karratu baino gehiagoko espazioa prestatuz. Nabarmendu dutenez, "haurrentzako eta euren zaintzaileentzako pentsatuta" dagoen neurria da. Izan ere, euria edo haizea egiten duen egunetan, bertan jolastu ahal izango da eta zaintzaz arduratzen diren pertsonek ere "leku duina" edukiko dute atsedenerako.
Valdiviak azpimarratu du haurrek "denbora gehiago" ematen dutela jolasean, haiekin dauden pertsonak gustura badaude. Ondorioz, bere ustez, "arrakasta handiena duten jolas-parkeak atsedenerako gune estali egokia dutenak izan ohi dira". Pergola berrituaren ondoan, halaber, kirola egiteko gunea dago. Beraz, ume eta zaintzaile hasko biltzen da bertan.
Pilareak baliatuz
Orain arte Atsobakarreko parkean zegoen pergola ez dute goitik behera aldatuko. Azaldu dutenez, "estruktura eta materialei probetxua atera" ahal izango diete.
Pilareak baliatuko ditu gune berriak, eta goitik eta iparreko aldetik estaltzeko asmoa dute. Orain arte pergolaren sabaia osatu duten egurrezko xaflak berrerabiltzeko asmoa ere adierazi dute Udal ordezkariek. "Egurra lixatu eta bernizatuko dugu, ondoren guneko altzariak egin ahal izateko", azaldu du Valdiviak.
Aurretik pergola bertan egoteak ahalbidetuko du, alkatearen eta zinegotziaren esanetan, "proiektua aurrekontu humilarekin" aurrera eraman ahal izatea. Guztira, 108.000 mila euroko kostua izango du obrak eta, azaldu dutenez, "udazkenerako" amaitua egotea espero dute. Dagoeneko esleituta dago, eta ekaina aldera hasiko dituzte lanak. Hala ere, nabarmendu dute "suertatu daitezkeen balizko arazoek atzera ditzaketela".
Erabilera anitza
Jolas-parkearen parean kokaturik egonik, argi dago gune estaliak beteko duen helburu nagusia jolasteko eta haur eta nagusientzako atseden guneak ezartzea dela. Dena den, Udal ordezkariek "auzoaren dinamizaziorako" izan dezakeen garrantzia nabarmendu dute.
Gune estaliak "ospakizunetarako aproposak" dira haien ustez, eta Atsobakar auzoan egiten direnak, hemendik aurrera, bertan egin ahal izango dira.
Semblante Andaluz elkarteak urtero antolatzen duen erromeria edota Eneko Castroren omenezko krossa aipatu dituzte, besteak beste.
Elektrizitatearentzako sarrera ere edukiko du guneak. Hortaz, mota askotako ekitaldiak egiteko aukera egongo da udazkenetik aurrera.
Beste proiektuak
"Aurrekontuei begira zabaldutako parte-hartze prozesuen ondorioz" zenbait gune estaltzeko erabakia hartu du Udal Gobernuak. Horietako lehena da Atsobakarrekoa, baina ez bakarra.
Oztaranen, errepidearen azpian, industrialderainoko gunea baliatzeko asmoa dute, esaterako. Kasu honetan, "kontrako prozesua" egingo dute. Jadanik estalia dagoen gunea jolaserako prestatuko dute.
Askatasunaren parkeko eta Landaberri 1. eta 2. DBHko eraikineko jolastokiko estaltzeak etorriko dira, ondoren. Denen "erabilera anitza" azpimarratu dute.
Horiek denak 2017an egiteko asmoa azaldu dute, "herritarrek hala eskatu" dutelako.