Azken aldian Lasarte-Oriako saltokietan izandako lapurretak direla eta, Ertzaintzak eta Aterpeak, merkataritza eta zerbitzu elkarteak, hitzaldi bat antolatu zuten komertzianteak segurtasunaren inguruan aholkatzeko.
Mintzaldian segurtasun-neurri orokorrak eta pertsonalak landu ziren. Alarma edukitzeaz gain, merkatariek pertsonalki kontuan hartu behar dituzten aholkuak aipatu ziren; besteak beste, bankuko diru sarrerak egiterakoan errutina saihestea, norbaitek lagunduta joatea, edo inori horren berri ez ematea. Lokalean bertan hartu beharreko neurrien artean, irekierak eta itxierak aipatu zituzten momentu kritikotzat, eta norbaitek lagunduta egitea gomendatu zuten ahal izan ezkero. Bakarrik edo norbaitekin, itxieran komunak, aldagelak, edo trastelekuak bezalako gelak hutsik daudela ziurtatu behar da. Horrekin batera, ate inguruan dagoen jendean arreta jartzea garrantzitsua dela esan zuten, eta edozein susmoren aurrean, txikia bada ere, Ertzaintzari deitzea.
Alarma enpresen inguruan ere aritu ziren; kontratatutako zerbitzua zehazki zein den ulertzea eta, behar izan ezkero, hobetzea gomendatu zuten, baita legez derrigorrezkoa den, urteko azterketa egitera datozela ziurtatzea. Edozein kasutan, lapurreta bat egon dela sumatzean, lehenbiziko pausoa Ertzaintzara deitzea izango da, ezer ukitu edo lokal barrura sartu baino lehen.
Hitzaldian Lasarte-Oriako komertzianteen parte-hartzea eskatu zen, eta hauen galderen bitartez bideratu zen eztabaida. Hizlarien diskurtsoan, komertzianteen eta Ertzaintzaren lankidetzaren garrantzia izan zen aipamen nagusia, jaso daitekeen informazioarekin egindako lehen ikerketa prozesuak baitira lapurretak ekiditeko metodo egokiena.