Afganistango emakumeen errealitate gordina irudien bitartez ezagutzeko erakusketa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko maiatzaren 5a

Astearte arratsaldean zabaldu zituen ateak 'Emakumeak. Afganistan' argazki erakusketak. Afganistango emakumeen egoera isladatzen duten irudi galeria zabala ikusi ahal izango da Antonio Mercero aretoan, maiatzaren 12ra bitarte

Afganistango emakumeen egoera, irudien bitartez, Lasarte-Oriara ekarri du Euskal Fondoa Lankidetzarako Tokiko Euskal Erakundeen elkarteak. 

'Emakumeak. Afganistan' izeneko erakusketa ikusgai izango dute lasarteoriatarrek maiatzaren 12ra bitarte, Antonio Mercero aretoan.

Asteartean zabaldu zituen ateak aipatu erakusketak, eta emakumeek herrialdean bizi duten egoeraren gordintasuna suma liteke Gervasio Sánchezek eta Mónica Bernabék eginiko lanean; Afganistanen emakumeek bizi duten errealitate gordinera hurbilduko gaitu.

Erakusketa osatzen duten argazkiek, gai ezberdinak azaleratzen dituzte: ezkontza, ihesa, heriotza irtenbide moduan, lege aurrerapenak paper bustiak, emakumeak korrontearen aurka eta zigorgabetasuna, hain zuzen.

Talibanek etxetik kanpo lan egitea, ikastea zein arreta medikua jasotzea debekatu zieten emakumeei, Afganistanen agintean egon zirenean. 

Murrizketa horiek eskandalizatu egin zuten Mendebaldea, nahiz eta Afganistaneko emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren icebergaren tontorra besterik ez izan. 

Erakustaldi honetan ikusten da emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela eta endemikoa dela, baina ez duela zerikusirik talibanak agintean egotearekin edo ez egotearekin. 

Bisitarako ordutegia
Erakusketak arratsaldeko 17:00etan zabalduko ditu ateak astelehenetik, larunbatera eta iluntzeko 20:00ak bitarte izango da galeria bisitatzeko aukera.