Bertsolaritza, Trikiti doinuak eta dantza uztartuko dituzte aurtengo Udaberriko Bertso Saioan. Urtero bezala, Ttakun Kultur Elkarteak, Earra! Bertso Eskolak eta Lasare-Oriako Udalak antolatu dute elkarlanean.
Datorren larunbatean, maiatzaren 6an, egingo dute 'Soinuaren errimak dantzan' izenburua duen saioa Manuel Lekuona kultur etxean gaueko 22:30etatik aurrera.
Herriko trikitilari eta dantzariei protagonismoa emango diete aurtengo ekitaldian.
Andoni Egaña, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio izango dira trikiti doinuen eta dantzen gainean kantatzeaz arduratuko diren bertsolariak. Bestalde, gai jartzaile lanak Uxue Loinazek egingo ditu.
Jakitera eman dutenez, Trikitian hiru talde eta bi bakarlari arituko dira: Aitor Lasa eta Dani Narbarte; Peio Aiestaran, Goiatz Aiestaran eta Iñigo Azkue; Ttirriki Ttarraka, Joseba Tapia eta Urtzi Agirretxe izango dira ekitaldiari musika doinuak ipiniko dizkiotenak.
Bestalde, Erketzek, Kukukak, Alazne Ramosek eta Uxue Odriozolak,eta Maider Oiartzabalek eta Ibai Fresnedok dantzatuko dute Manuel Lekuona kultur etxera gerturatuko diren herritarren aurrean.
Intza Alkainek ere 'sketch' bat egingo du Maurizia Aldeiturriaga panderojolearen papera antzezten.
Sarrerak
5,50 eurotan eskura daitezke sarrerak Manuel Lekuona kultur etxean bertan. Halaber, 10 sarrerako bonoak erosi daitezke 45 eurotan.