Katalunia eta Euskal Herria. Euskal Herria eta Katalunia. Betidanik lotura izan duten bi herrialde. Naziotasunerako urratsetan, euren hizkuntza bultzatzeko egitasmoetan,  hainbat ekimen kulturaletan eta bereziki herri izaera beretsuan. Azkenaldian ordea, Kataluniak bere naziotasunerako bidean, urrats garrantzitsuak emateko erabakia hartu du. Gurean, hainbat urrats ematen ari garen arren, erakunde eta politikarien inplikazioa ez da nahikoa momentuz. Gainera, euskaldun ekintzaile, sustatzaile eta sortzaileak urritzen hasi diren honetan, belaunaldi berrien bultzada ideologiko desberdin batek soilik, apurtuko ditu gure herrian errotuta dirauten elkarren arteko amorru, liskar eta iraganeko arazoak.
Kontua da, azkenaldiko gertaerek, kataluniar ibilbidea gertutik jarraitzera eraman gaituztela. Uste dugu Kataluniaren pare jar gaitezkeela hainbat gaietan eta zoritxarrez batzuetan eta zorionez besteetan, bi prozesu, bi ibilbide eta bereziki bi herri desberdin garela alboratzen dugu.
Hizkuntzari dagokionean adibidez, oso urrun gaude Katalunian katalanak duen erabilera, ulermen eta bereziki onarpen mailarekin alderatuta eta hizkuntza politikan, gure bidea egin beharko dugulakoan nago, pixkanaka gure izaeraren oinarri den euskara indartu nahi badugu. Horretarako bidea, erabilera eta irakaskuntzak izan beharko dutelarik.
Bestetik esan, ispilu moduan ari garela begiratzen prozesu kataluniarra eta errezeloa dut ez ari ote garen euren bide orria kopiatu nahian, ispiluan begiratu eta isla hori gustuko dugunez, atzetik joan nahian. Bi jendarte, bi parlamentu eta bi herrialde desberdinetaz ari gara eta uste baino desberdinagoak gainera. Bi ibilbide desberdin egin beharko genituzkeela uste dut. Hemen bizi izan duguna eta han bizi izan dutena ez baita berdina izan.  Horregatik,  bakarrik egin beharreko bidean laguntza modura  eurei so egitea bai, baina erabat euren islada izatea, itsutzea litzatekeela deritzot.
Horregatik, guztion inplikazioa beharrezkoa dela uste dut, guk gure bidea eraiki nahi badugu. Politikariek busti egin beharko dute erakundeek sortutako eta eraikitako itsasontziak bidea egitea bada nahia. Gizarteak ilusioa, lana eta eguneroko izaeraz mugituko diren olatuak sortu beharko ditu, denon artean itsasontzia desiratutako portura iritsi dadin. 
Ez gaitezen ba itsaso nahasian gal, har dezagun porturako bidea eta agian egunen batean Mediterraneo eta Kantauri itsasoek bat egingo dute askatasun orro batean. Hori bai, itsasontzi banatan egin beharko ditugu bideak; Mediterraneoa ez baita inoiz Kantauri itsasoa izan eta olatuek beti gogorrago jotzen baitute gure kostalde zoragarri honetan. Boga boga Euskal Herria.