Udaberrikoa baino, udakoa dirudi gaurko egunak, eguraldiagatik batez ere. Halere, Okendo plazan udaberri koloreak gailendu dira, Lore eta Landareen V. azokan.
Mota guztietako loreak ikusi eta erosi ahal izan dituzte lasarteoriatarrek, azokako hamalau postuetan. Eta ez loreak bakarrik: kosmetika produktu naturalak eta hainbat belar desberdin ere bai. Bien bitartean, gaztetxoenak ez dira segundo bakar batean ere aspertu. Loreak prentsatzeko zein landatzeko tailerretan hartu dute parte hainbatek, eta baita plaza erdian zeuden jolas desberdinetan ere.
Esan bezala, larunbat goiz udatiarra udaberri koloreekin alaitu dute herritar askok.
Goizean zehar ateratako argazkiekin galeria osatu dugu.