Iritsi da zirt edo zart egiteko ordua Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautzentzat. Liga erregularra amaitu eta mailaz igotzeko kanporaketak jokatzera sailkatu da Phil Huxfordek zuzendutako taldea, hainbat herritar lehian aritu direlarik: Xabier Prieto, Xabier eta Ander Rekondo anaiak, David Vega eta Julen Aristorena, hain zuzen.
Playoffen lehenengo kaleratze-erronda igandean hasiko da. Talde zarauztarrak Alacanteko La Vila talde indartsua hartuko du Astin. Talde valentziarra kategoriaz igotzeko hautagai nagusia da: liga erregularrean puntu gehien bildu dituena izan da, eta Javi Carrion bezalako jokalariak (Rugby Seven modalitateko Espainiako selekzioan aritzen da) ditu taldean. Horrez gain, hainbat urtez lehiatu izan da estatu-mailako kategoria gorenean, eta bueltatzeko borrokan ari da orain. Erronka polita da talde zarauztarrak aurrean daukana.
Urtero legez, herriko Beltzak presente egongo dira Asti zelaiko harmailetan. Gonbita egiten diete Lasarte-Oriako herritarrei ere animatzera joateko.
Partidua hasi baino lehen, berriki 16 urtez azpiko Euskal Liga irabazi duen Gure Etxea ZRT Beltzak taldeak omenaldia jasoko du.
Bihar, errugbia Michelinen
18 urtez azpiko Gure Etxea ZRT Beltzak taldeak atzeratutako liga norgehiagoka jokatuko du bihar, 12:00etan, Michelingo zelaian. La Unica taldearekin neurtuko ditu indarrak.