Balentria lortzeko azken txanpan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko api. 21a, 13:52
Ostadar SKTren Ohorezko Jubenil mailako taldeak lider jarraitzen du, liga bukatzeko hiru jardunaldiren faltan. 66 puntu ditu, eta 63 Dunboa Eguzkik. Lehenengo postua mantenduz gero, promozioa jokatuko luke beste multzoko liderraren aurka.

Ostadar SKTren Ohorezko Jubenil mailako taldeak azken txanpari ekingo dio datorren astean. Liga bukatzeko hiru jardunaldi bakarrik falta direla, lehen multzoko liderra da, 66 puntu bilduta. Hirura dago bigarren sailkatu Dunboa Eguzki. Irailean, baloia jiraka hasi zenetik, etengabekoa izan da bi talde horien arteko dema.

Ikusi beharko pelikula nola bukatzen den. Orain arte behintzat, herriko taldea izan da protagonista nagusia, ligaren bi heren daramatzalako sailkapen-buru gisa. 6. jardunaldian jarri ziren lider aurrenekoz, eta geroztik postu horretan atera dira astelehenero egunkarietako sailkapenetan.

Zailena geratzen zaie, ordea: ia urte osoan biltzen joandako altxorra 30. jardunaldira arte mantentzea. Hilaren 29an ariko dira azken hiru partiduetako lehenengoan, Vasconiaren aurka, Puion. Hurrengoa, Michelinen; Herrerako Sporting izango dute arerio. Eta, bukatzeko, Martutene taldeari egingo diote bisita. Kalkuluak errazak dira: denak irabazita, Euskal Ligara igotzeko promozioa jokatuko dute bigarren multzoko liderraren aurka.

Aste Santuko oporraldiaren aurretik, 5-1 garaitu zuten Mariño Michelinen.

Igoera fase bikaina

Lan bikaina egiten ari da baita ere Emakumezkoen Lurralde mailako taldea. Euskal Ligara igotzeko fasea ari dira jokatzen, bigarren urtez segidan. Zazpi jardunaldi igaro dira, eta urdin-beltzak hirugarren postuan daude 12 punturekin. Hirura dago Anaitasuna liderra, eta Ordizia bigarren sailkatuak herritarrek beste puntu ditu.

Aste Santuko atsedenaldia hartu aurreko norgehiagoka ez zen izan taldeak jokatutako onena, 4-0 galdu baitzuten Mutrikuren aurka, San Miguel zelaian. Emaitza horrek erakusten du zeinen orekatua dagoen multzoa, azken sailkatua izanda ere, Mutrikuk merezita poltsikoratu zituelako puntuak.

Mirariaren bila

Puntuak biltzeko komeria galantak dituena Ohorezko Erregional mailako taldea da. Bost partidu falta dira liga amaitzeko, eta sailkapenaren azken aurreko postuan dira, 26 punturekin. Hamabost puntu daude jokoan, eta zazpira dauka salbazioa Ostadarrek. Zaila, baina ez ezinezkoa. Matematikek kontrakoa esan artean, borrokan jarraitu behar.

Zertxobait samurragoa litzateke egoera, bi asteko atsedenaldia hartu aurretik arerio zuzen Aloña Mendiri irabazi izan balio taldeak, baina 1-1 berdindu zuten Michelinen. Puntuak hirunaka biltzen hasi behar dute.