Euskal Herriko Itzulikoa eta gero, badator Giroko porra

Txintxarri Aldizkaria 2017ko apirilaren 21a

Ainhoa Tabernan banatuko ditu Ostadar SKTk Euskal Herriko Itzuliko porraren sariak, datorren ostiralean, 19:00etan.

Ostadar SKTk Euskal Herriko Itzuliaren harira antolatutako txirrindularitza porrak harrera ona izan du herritarren artean, ehundaka animatu baitziren.

Sari nagusia 'Gontzal Motor' boletoak irabazi du: sailkapen nagusiko lehen sailkatua izan da, 802 punturekin. 360 euro poltsikoratu ditu. 180 euroko bigarren saria, berriz, 'Iara'-rentzat izan da.

Puntu gehien lortu dituen taberna, berriz, Genesis izan da. Bertan euren txartelak bete zituzten parte-hartzaileen artean 9.678 puntu bildu dituzte. Hori dela eta, tabernak bi pertsonarentzako afari bat irabazi du, Txartel Txoko jatetxean.

Itzuliko porrako sariak ez dira hor bukatu, ordea. Zortzi otar ere banatu dituzte antolatzaileek: zazpi zozketatu egin dituzte, eta, ohitura den bezala, zortzigarrena sailkapeneko azken boletoari eman diote. 'Polyblas', 'Joseba Labaka 5455', 'Earlysimo', 'Jmas', 'Abenida albondigak', 'II' eta 'Joxeangel Iparra' izeneko txartelek zozketa bidez eskuratu dituzte, eta 'Malacha'-k irabazi du zortzigarrena, esan bezala, azken sailkatua izateagatik.

Sari guztiak datorren ostiralean banatuko ditu Ostadar SKTk, Ainhoa tabernan, 19:00etan.

Girokoa, maiatzaren 2an kalean 

Maiatza hastearekin batera kaleratuko ditu Ostadarrek Italiako Giroko zerrendak eta txartelak, ohiko tabernetan. Zehazki, maiatzaren 2an banatuko ditu.

Hirugarren eta azken porra Frantziako Tourrekoa izango da. Uztailaren 1ean hasiko da hiru asteko itzuli hori.