Promozioko binakako txapelketan Jon Erasun zizurkildarrarekin batera lortutako txapela kasik disfrutatzeko astirik gabe, buruz buruko txapelketari ekin dio Axier Artegak. Txapelketa prestatzeko apenas denborarik izan duen arren,ongi ekin dio: Dario errioxarra hartu zuen mendean atzo arratsaldean, Ikaztegietako pilotalekuan jokatutako neurketan. 17-22 nagusitu zen lasarteoriatarra, aurtengo faboritoetako bat dela argi utziz.
Paretsu aritu ziren bi pilotariak neurketa osoan: lehenengo atsedenaldira Dario joan zen aurretik, 12-11. Lasarteoriatarrak ez zuen amore eman, ordea, eta bigarren atsedenaldirako buelta eman zion markagailuari, 16-18. Hortik bueltan, bera izan zen nagusi, 17-22 irabazteraino. Orain, Irustarekin neurtuko ditu indarrak final laurdenetan. Irustak 22-21 hartu zuen mendean Erasun final zortzirenetan.