Espaloia estutzen den unean egin dut berarekin topo, aurrez aurre. Tokirik ez biontzat; beraz, gelditu, eta ormarantz baztertu naiz bera pasa dadin lekua utziz. Ziur aski askotan gurutzatu gara, agian astero, edo egunero, baina norbera berera doanean, eta parez pare nor dugun konturatzen ez garen gisan,  oharkabean. Gaurkoan, ordea, begira geratu natzaio, so, ez dakit ze aurpegi izango nuen, baina begiak iltzaturik.

Emakume bat zihoan gurpildun aulki bat bultzatuz. Bertan eserita agure bat, adineko gizon bat, bere onenak emanak zituen gizasemea. Hego haize puntu batekin esnatu da gaur eguna, eta epeletik  sargorirako bidea hartua zuen giroak elkar gurutzatu dugunean. Hala ere, hotzetik gehiago zuela adierazten zuen agurearen janzkerak, edo hala iritzi dio, behintzat, zer jantzi erabaki duenak. Erabaki, ezer gutxi edo bat ere ez, ez baitu egingo gizonak. Begirada galdua zuen, hortzik gabeko aho erdi irekia eta zimurrez arraildutako aurpegi zurbil eta meharra. Burua alde batera okerturik, eta gorputza indarge aulki gainean. Pena eman dit, bihotza xamurtu zait egoera ikusirik. Bera ere gazte, eder eta lerden izango baitzen noizbait, eta orain berriz ezertarako gai ez. Batzuei, bizitzaren loraldian bor-borka daudenean, udaberria amaitzen zaie bat-batean. Ezustea, aizkorakada zehatz batek mozten du bizitzara lotzen gaituen soka. Beste batzuek, berriz, udaberria amaitu bai, baina negu luzez irauten dute, ozta-ozta arnasa hartuz, bizi iraupenerako soka noiz etengo zain. Tira handik, tira hemendik, soka ari mehe, fin hauskor bat bihurtu arte, baina hausten ez dena. Zentzumenak ia galdurik, zutik egoteko gai ez direla, asteko zein egunetan bizi diren ez dakitela, bizi direnik ere ia antzeman ezinik heriotzaren korridorean bizi izatera kondenatuak. Duintasunez bizi nahi eta ezin duintasunez hil. Estatistikek diotenez gero eta luzaroago bizi omen gara, bizi ala iraun? Iraupenak ez baitu bizitzarik bermatzen.