Emozioekin egin dute dantza gaur Amaia Gonzalez Caballero eta Jose Mari Orbegozo dantzariek. Lasarte-Oriako instituzio zein herritarren aitortza bero eta hunkigarria jaso dute lepo beteta zegoen udalbatzar aretoan. Urte ugari daramatzate elkarrekin dantzan han eta hemen; martxo erdialdean sei dantza sari ekarri zituzten bueltan Torremolinosetik.
Amaia Gonzalez Caballerok oso hunkituta hitz egin du udalbatzar aretora bertaratu direnen aurrean. Eskerrak eman dizkie bere ibilbidean zehar "euskarri" izan diren familiari, eta, bereziki, lagun eta dantza eskolako ikasleei. Era berean, esker hitzak izan ditu baita ere Udalarentzat, omenaldia egiteagatik. Eta, nola ez, Jose Mari Orbegozo dantza-bikoteari ere hitz ederrak eskaini dizkio: "Une onak eta txarrak igaro ditugu noski, baina oso gustura aritu gara beti eta horretan dihardugu, borrokan".
Jose Mari Orbegozok adierazi du "osasuna eduki bitartean" Amaiarekin bikote egiten jarraituko duela: "Orain arte bezala, Euskal Herria harro defendatzen jarraituko dugu oholtza gainean".
Aitortza bi dantzariei
Lehenik eta behin, Juan Pedro Giraldo ikasleak Amaia Gonzalez irakasleari zuzendutako eskutitz irekia partekatu du. "Pertsona atsegin, maitagarri eta pazientzia eta gizatasun handikoa zara; profesionalki, berriz, hitz bat erabiliko nuke zu definitzeko: onena zara", adierazi du Giraldok, hunkituta.
Adolfo Perez Biyak Bat adinekoen egoitzako kideak hartu du lekukoa gero, eta olerki hunkigarria eskaini Amaiari. Txalo zaparrada luzeak entzun dira bukatutakoan. Eta, Udalaren izenean, Jesus Zaballos alkateak hitz egin du: "Lasarte-Orian maitatua zara, eta beti zaude prest elkarlanean aritzeko Udalarekin zein herriko eragileekin; mila esker zure lanagatik. Torremolinosen lortutakoa arrazoi ezin hobea izan da zure lanari aitortza egiteko. Eta, eskerrik asko zuri ere, Jose Mari, Amaiaren dantza-bikote gisa egiten duzun lanagatik".
Hitzaldi denen ostean, Amaiak eta Jose Marik plaka bana jaso dute alkatearen eskuetan, orain arteko jardunaren aitortza gisa.
Ekitaldia bukatu eta gero, udal korporazioko hainbat kidek familia argazkia atera dute bi dantzariekin. Ondoren, udalbatzar aretora bertaratutakoak Amaia eta Jose Marirengana hurbildu eta zoriondu egin dituzte.