Hizkuntza ohituren gaia aukeratu du Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak bederatzigarren ediziorako; han eta hemen egiten diren esperientziak izan dira oinarri eta esperientzia horiekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da Lasarte-Oriako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren nahia.
Zer dira hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimen sozialek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Gisa honetako galderei erantzuna ematea izango da aurtengo topaketaren erronka nagusia.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin, esperientzia ugari eman direla ohartu direla azaldu zuen atzoko agerraldian Estitxu Alkortak. Honekin batera, esperientzia horiek guztiak hizkuntzaren normalizazioan diharduten arduradun tekniko, politiko eta gizarte mugimenduetako ordezkariei horiek nola mamitu diren azaltzea ere "interesgarri" iruditzen zaiela gaineratu zuten.
Atzoko agerraldian jakitera eman zuten moduan, Bederatzigarren topaketa horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren proiektu baten berri emango du Udaltopek. "Proposamen bat da. Hain zuzen, Euskal Herriko herri guztietan hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa elkarrekin lantzeko", azaldu zuten. Honekin batera, parte-hartzaileek bere ekarpenak egiteko aukera izango dutela ere nabarmendu zuten agerraldian.
Erreferentziazko topaketa
Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta bederatzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu nahi izan zuen atzokoan: Udaltop galdu ezineko zita, euskara teknikarien topagune bihurtu dela ere adierazi zuten, eta hemendik aurrera, pixkanaka esparrua zabaltzea eta publiko berria bereganatzea nahiko lukete.
Horrekin batera, Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak Udaltopek betetzen duen beste ezaugarri batean jarri nahi izan zuen arreta atzoko prentsaurrekoan; "“topaketa hausnarketarako plaza da eta horrek balio erantsia ematen dio. Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko”.
Egitarau zabala
Beste urtebetez erronka bete asmoz, antolatzaileek egitarau zabala osatu dute edizio honetarako.Guztira, bost hitzaldi, bi mahai-inguru, proposamen berri baten aurkezpena eta proposamenari egindako ekarpenak jasotzeko saioa, bideo emanaldi bat eta amaiera ekitaldia izango ditu aurtengo bederatzigarren topaketak.
Egitarauaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko ikusi hemen.
Izen-ematea
Atzoko prentsaurrekoan aurreratu zutenez, izen-ematea apirilaren 3an zabalduko da. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da. Prezioa 65 eurotakoa izango da, eta apirilaren 28an itxiko da izen-emate epea.
Prezio horren barruan sartzen dira jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko den materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.