Kantuan ekin zioten atzoko Korrika Festari herritarrek, Loidibarren pilotalekuan. Xumela abesbatzako kideekin batera animatu ziren hainbat kantu ezagun abestera. Baita herri bazkaria prestatu zuten elkarte desberdinetako sukaldariak ere. Bien bitartean, gaztetxoek hainbat tailerretan hartu zuten parte, Ttakun Kultur Elkarteko begiraleen laguntzaz.
Abestiek bakarrik ez, horrezkero sutan zegoen marmitako goxoak ere girotu zuen Loidibarren pilotalekuan. Dozenaka herritar elkartu ziren plater hori eta beste hainbat dastatzeko.
Behin indarrak hartuta, gaztetxoek kirol desberdinak eginez izerditu zuten, Ostadar SKTren eskutik. Gorputza mugimenduan jartzeko aukera bakarra ez zen hori izan, ordea; Ttirriki-Ttarrakako kideekin batera hainbat izan ziren erromerian parte hartu eta dantza egitera animatu zirenak.
Iluntzean ere, festa
Gogo biziz zeuden herritarrak Ane Labakaren eta Bea Egizabalen 'Erradikalak gara' ikuskizunaz gozatzeko, eta nabaritu da; lepo beteta zegoen kultur etxeko auditorioa. Bertsoak eta bakarrizketak uztartu eta egunerokotasuneko hainbat gai jorratuz (aniztasuna, euskalgintza eta indarkeria, kasurako), emanaldi bikaina eskaini zuten bi lasarteoriatarrek.
Eta, festa biribiltzeko, musika berriro ere Loidibarren pilotalekuan: Rukula taldeak dantzan jarri zituen herritarrak aurrena, eta oraindik indarrak zituztenek gaueko ordu txikietara arte luzatu zuten eguna Zigor DJren emanaldi bereziarekin.