Aurtengo 20. Korrikak hasi du Euskal Herria zeharkatzeko, euskararen alde bi urtez behin egiten duen lasterketa. Atzo eman zitzaion hasiera euskararen festa handiari Otxandion.
Atzora arte, ikurrina zintzilik zuen lekuko handi bat udaletxe aurreko plazan egon ostean, eskuz-esku dabil orain Euskal Herriko herri eta txokoak zeharkatuz, eta 11 eguneko ibilbidea du aurretik.
Iruñean emango zaio amaiera aurtengo Korrikari, baina hara iritsi aurretik zeharkatuko dituen herri guztien artean da Lasarte-Oria.
Apirilaren 4an, datorren asteartean jasoko du gure herriak lekukoa, eta hainbat kilometro egin ostean, hurrengo herrira, Usurbilera iritsi eta datozenei emango die lasterketan jarraitzeko pausua.
Baina lasterketari behar bezalako ongi etorria eman asmoz, zenbait ekintza kultural antolatu dira gure herrian eta datozen egunetan izango da horiez guztiez gozatzeko aukera paregabea.
Gaur, esaterako, Korrika Txikia egingo dute lasarteoriatar txikiek. Goizeko 11:15ean emango diote hasiera ekitaldiari eta herriko kaleetan barrena, lasterketan arituko dira gaztetxoak ere, euskararen alde.
Euskararen Maratoia
Honi jarraiki, Euskararen bederatzigarren Maratoiko bideo emanaldia eskainiko da Manuel Lekuona Kultur Etxean gaur, iluntzeko 19:00etan. Horrela, orain hilabete batzuk atzera egin eta herrian ospatzen den euskararen festa handian bizitako uneak gogora ekarri ahal izango dituzte bertaratzen diren herritarrek.
Gutik Zura dokumentala
Ostiralari amaiera emateko, Okendo Zinema Taldearekin 'Gutik Zura' dokumentalaren emanaldia ere izango da, kultur etxean, gaueko 22:00etan.
Dokumental honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanak iraganean izan duten, gaur egun duten eta etorkizunean izango duten balioa gizarteratzea da. Euskal Herriaren idiosinkrasian basoa eta zurezko zimenduak daude. Dokumental honetan aintzinatik etorkizunerako bidaia egitera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz.
Horretarako pertsonaia hautatuen bizi-esperientzia pertsonala eta mundu mailako adituen txori begirada erabiliko dira, historia eta istorio konbinaketa poliedriko baten bidez lehengo, oraingo eta etorkizuneko basoen eta zuraren gako nagusiak azalduz.
Korrika Festa asteburuan
Bihar, berriz, Korrika festa nagusia izango da Lasarte-Orian eta egun osoko egitarau zabal bezain erakargarria prestatu dute egun horretarako. Kantujirak girotuko du larunbat eguerdia gurean. Horretarako, Xumela eta txaranga ibiliko dira herriko kaleak girotzen.
Hamabietan, Ttakunen eskutik haurrentzako tailerrak izango dira eta tarte horren ostean, herriko elkarte gastronomikoek prestaturiko bazkari herrikoi batekin indarrak bilduko dituzte arratsaldeko ekitaldiei hasiera eman aurretik.
Bazkarirako txartelak
Buruntzazpi, Lasartearra, Intza eta Xirimiri elkarte gastronomikoak arduratuko dira larunbateko bazkari herrikoia prestatzeaz, Etxezarreta harategiarekin batera.
Bi menu prestatu asmo dituzte; gaztetxoentzako makarroiak haragi eta tomatearekin, eta helduentzako txorizo egosia, marmitako-jana postrea, edaria, kafea eta pattarra izango dira.
Horiek dastatu ahal izateko ordea, txartelak eskuratu beharko dira. Horiek, Muntteri euskaltegian, Jalgi Kafe Antzokian eta Ilargi tabernan eros daitezke bihar eguerdira arte. Haurrenak 5 euroren truke eta helduenak, berriz, 12 eurotan.
Tripak bete ostean, berriro ere herriko gaztetxoentzako Ostadarrek antolatutako tailerrak izango dira 15:30etan, eta horri jarraiki, 'Ttirriki-Ttarraka' erromeriak alaituko du herriko giroa eta gorputzak astintzeko tartea izango da beraz, arratsaldeko 18:00etan.
Erradikalak gara eta kontzertuak
Bi ordu beranduago, Ane Labaka eta Bea Egizabal herritarren 'Erradikalak gara' bertso eta bakarrizketak uztartzen dituen lanaz gozatu ahal izango dute herritarrek, iluntzeko 20:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Bertsoa eta bakarrizketa diziplinak elkar uztartuta. Taulagaineko lana amaituta, gauerako iragarritako kontzertuek luzatuko dute festa eguna goizaldera arte. Horretarako, 'Rukula' musika taldea arduratuko da gaueko lehen uneei giroa eta doinua jartzeaz, eta hauen emanaldiaren ostean, DJ Zigorren saio bereziaz gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek.
Herriko eragileen kilometroak
Donostiatik datorrela jasoko du Lasarte-Oriak Korrikaren lekukoa eta guztira 18 eragilek eramango dute herrian barrena.
Loidibarrengo pilotalekuan
Antolatzaileek atzo jakitera eman zutenez, astebururako eguraldiaren iragarpena dela eta Loidibarrengo pilotalekuan egingo dira Korrikari ongi etorria emateko asteburu honetarako antolatutako ekitaldiak.