Bigarren urtez Aterpeakoek Sagardopotea antolatu dute. Hitzordua ostegunean, apirilaren 6an izango da 19:00etatik 21:00etara. Ramon Ormazabalek azaldu moduan, iaz ekimenak harrera ona izan zuen eta aurten arrakasta berdina izatea espero da.
Arkupe, Buenetxea, Viña del Mar, Lasarte, Yolanda, Araeta eta Izurde tabernetan izango da sagardopotea. Taberna bakoitzak sagardo desberdin bat izango du aukeran, Larrarte, Alorrenea, Bereziartua, Mina, Itxas buru, Araeta eta Saizar. Ekimena Ttirriki-Ttarrakako musikariek gidatuko dute.
Aterpeako lehendakariak gogoratu zuen Loidi Barrengo parkinga doan dutela euren bazkide diren dendetan hamar euro baino gehiagoko erosketa egiten duten herritarrek.
Ekimen honetan parte hartzera deitu zuten eta Jesus Zaballos alkateak adierazi zuen pozgarria zela horrelakoak antolatzea herritarrak herrian gera daitezen bere aisialdian.