Horrela adierazi dute EH Bildu alderdiko kideek. eguerdian Maialen Chourraut Udal kiroldegi aurrean egindako agerraldian.
Aurrekontuen proiektuaren atzetik dagoen planteamendua "kezkagarria eta arbuiagarria" gertatzen zaiola nabarmendu nahi izan du alderdiak, eta horregatik, arrazoi ezberdinak medio, osoko emendakina aurkeztu dio proiektuari.
Aurreko legegintzaldian, Lasarte-Oriako kirol plana, herriaren hutsuneak, beharrak eta aukerak behatu eta identifikatuta egin zela adierazi du Pablo Barrio alderdiko kideak.Plan horren baitan, Atsobakarreko kirol-gunea zegoen, baina ez zen aukera bakarra. Barriok azaldu moduan, kirol-gune horrek, aipatu plan horretan proposatutako beste batzuen antzera, "oso gastu handia" suposatzen du eta herriko bilakaera baldintzatuko duela argudiatu dute alderdikideek.
Atsobakar auzoan eraiki asmo den kirol-guneak, kirolzaleei eragiteaz gain, gainerako lasarte-oriatarrei ere eragingo diela adierazi nahi izan dute agerraldian. Hori kontuan hartuta, honako planteamendua egin nahi izan dute; Zergatik ez eremu berde izatera bideratu kirol gunea eraiki nahi den lur zati hori? Kirolean inbertsio handi bat proposatzen bada, zergaitik eremu horretan eta ez kiroldegi berri bat egiteko?
Honekin batera, lasarte-oriatarrek erabaki "potolo" hauetan parte hartzeko aukerarik izan ez dutela ere argi adierazi dute alderdiko zinegotziek. "Akats onartezina iruditzen zaigu. Parte-hartzea, berriro, postureoan geratu da. Aurrekontuei begira planteatu den parte-hartze sasi-prozesua guztiz bideratua egon da aurretik PSOEk nahi zituen inbertsioetakoak ateratzeko".
Kirol arloko beharrak kontuan hartzen badira, erabiltzaile kopuruari erreparatuta, kiroldegi berri baten proiektuak "etekin gehiago" emango lituzkeela gaineratu du EH Bilduk, eta hori ziurtatzeko datuak ere eman ditu; 2015. urtean, 175.000 pertsonek erabili zuten kiroldegia, eta 50.000ak, berriz, Mitxelingo kirol-gunea.
Guzti honekin batera, informazio gehiago ere azaldu du alderdiak. Kiroldegia zaharkitua dagoela eta, gastu handia suposatzen du mantenuak; "itoginak ez direnean, kondentsazioa da, edota beste mila arazo, efizientzia energetikoaz ez hitz egiteagatik", azaldu dute zinegotziek. "Kiroldegi zaharra gastu zulo bat da, eta hala izaten jarraituko du", gaineratu dute.
Finantziazioaren ikuspegitik ere traba bat baino gehiago ikusten ditu EH Bilduk. Latza iruditzen zaio alderdiari Atsobakarreko kirol-gunea finantzatzeko aukeratu den bidea; "hipodromo etorbideko eraikinetan udalari dagozkien etxebizitzetatik 9 permutan ematea. Ez dugu ikasten, lehengo lepotik berriro, politika neoliberalaren eta burbiila espekulatiboaren lepotik, patrimonio publikoaren pribatizazioa bultzatzen da diru-iturri moduan", azaldu dute. Honen aurrean, beste biderik ez ote dagoen galdegiten du EH Bilduk.
Honekin guztiarekin batera, "herritarrei bizkarra emanda eta lasarte-oriatarren kontra egindako aurrekontuak direla uste dute alderdikideek, eta honen aurrean, prozesu parte-hartzaile batean herritarrek lehenetsitako inbertsioak babestuko dituztela ere gaineratu nahi izan dute. Hori kontua hartuta, beraz, kiroldegi berria egitea lehenetsiko du EH Bilduk.