25 urteetako ibilbidea gogora ekartzeko aldizkaria argitaratu du Semblante Andaluz Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 29a, 12:28

Zilarrezko urtea izango da aurtengoa Lasarte-Oriako Semblante Andaluz Elkartearentzat. Hogeita bost urte betetzen ditu eta urte horietan guztietan bizi eta antolatutalpo ekitaldiak gogora eta eta bildu asmoz, 'Un pueblo de Gipuzkoa con ventanas a Andalucía' aldizkaria argitaratu dute

Atzo iluntzean eman zuten ezagutzera aipatu aldizkaria. Iluntzeko 19:30etarako zegoen hitzordua zehaztua, Lasarte-Oriako Urbarte auzoan Semblante Andaluzek duen egoitzan. Bazkideez beteta zegoen elkartea ordurako, eta horiekin guztiekin ziren baita ere Jose Perez elkarteko lehendakaria, Jesus Zaballos alkatea, Maite Iglesias Kultura zinegotzia, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura eta kirol diputatua, besteak beste.

Hitzartutako orduan eman zioten hasiera ekitaldiari eta Jose Perez lehendakaria izan zen hitza hartzen lehena. Emozioari ezin eutsi, hogeita bost urte horien sorreko uneak ekarri zituen gogora lehendakariak. "Duela hogeita bost urte, gure jatorri eta sustraiak mantendu asmoz, elkarte bat sortzea erabaki genuen eta ordutik honaino iritsi gara gaur arte", horrela adierazi zuen Jose Perezek. 

Elkartearen helburu nagusia kideen jatorria gogora ekarri eta hori mantentzea bazen ere, herrian beharrezkoak zituzten ekitaldietan present egotea ere bazen Semblante Andaluzen helburuetako bat ere, eta nola ez, herriko gainerako elkarteekin elkarlean eta kolaborazioan aritzea ere.

Urte hauetan guztietan, herrian izandako alkateak ere ekarri nahi izan zituen gogora lehendakariak. Horrela, sorrera urteetan udal gobernuburu zen Ana Urcguegia ekarri zuen gogora. Harekin, elkarlanerako izandako harreman ona ekarri nahi izan zuen gogora eta horrekin batera, gerora alkatetzan izandako Pablo Barrio eta Jesus Zaballosentzako ere esker hitzak izan zituen Jose Perezek. 

Hitz horien ostean, argitaratutako aldizkariaz mintzatu zen Perez. Lehendakariak azaldu moduan, dataka egiten du Semblantere historiaren kontakizuna. Elkartearentzat garrantzitsuak izan diren datak bidlu eta horietan bizi izandakoa jaso nahi izan dute argitalpenean; hitzen eta irudien bitartez. Horrekin batera, politikari, elkarteko kide eta kolaboratzaileen hitzak ere biltzen ditu aldiazkariak. 

Elkarteko lehendakariaren hitzen ostean, Jesus Zaballos alkateak hartu zuen hitza. Lehenik eta behin, esker hitzak izan zituen honek ere elkarteko lehendakariarentzat eta bertako kideentrzat ere, eta orain hogeita bost urteetako garaiak ekarri nahi izan zituen gogora. Horrela, 10 urte zituela, orduko Blas de Lezo kalean zegoen egoitzan kitarra jotzen hasi zeneko garaiak ekarri zituen jendaurrera. Garaiko oroitzapen onak ekarri zituen gogora; "Semblante Andaluz, nire bizitzako zati oso garrantzitsua izan zen", azaldu zuen. Honekin batera, 'Virgen de Guadalupe' Extremeña Elkartearekin batera, jardun gehien duen elkartea dela adierazi zuen Zaballosek eta zorionak eman nahi izan zizkien horregatik.

Agerraldia amaitu eta mokadutxo batzuk jan aurretik, Denis Itxasok hartu zuen hitza. Urte luze horietan egindako lan ederra nabarmendu nahi izan zuen diputatuak. Hontaz gain, Andaluziar kultura "alaia", "koloretsua" dela ere adierazi nahi izan zuen. Hortaz, hogeita bost urteetako lana aitortza egin zuen eta elkartearentzako esker hitzak ez ziren falta izan diputatuaren partetik.

Atzo arratsaldeko ekitaldiari amaiera emateko, mokadutxoa jateko aukera izan zuten Semblante Andaluzen bildutakoek. Giro ezinhobean elkartu ziren atzokoan ere.