“1960-2013 aldian Euskadin gertatutako tortura kasuak” izango da saio berri honetan jorratuko den gaia. Hizlaria Laura Pego legelaria izango da, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz torturak ikertzeko Kriminologiaren Euskal Institutuak izendatu duen taldeko kidea. Ikastaroa 19:00etatik aurrera izango da, Villa Mirentxun.
Sustatzaileek adierazi dutenez, “azken urteetako indarkeriaren aroan jasandako tormentu mota ezberdinen memoriak aztertzeko helburuarekin Elkarbizik antolatu duen lehenengo ikastaroa litzateke, torturari buruzko hau. Hurrengoetan, jazarpen indarkeria eta zerga iraultzailea aztertuko dira”.
“Torturaren aurrean, parte hartzaileen sentsibilizazioa lortzea litzateke ekitaldiaren helburu nagusia, giza duintasunaren urratzailea den praktika honek eduki duen neurriaz jabetzeko”. Halaber, Kriminologiaren Euskal Institutua egiten ari den ikerketaren behin-behineko emaitzak ezagutzeko aukera izango dela adierazi dute. Ikerlarien hitzetan, “ikerketan zehar kontsultatutako pertsona eta erakunde guztien ulermena eta lankidetza egiaztatu da. Horiek guztiek nabarmendu dute ikerketa hau eta ikerketa honek, gertaeren aitortzaren mesedetan, neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko lortu nahi dituen helburuak egokiak direla, era bakarra baita gertaera horiek gainditzeko eta horiei amaiera emateko”.
Ikastaroaren izaera dela eta, parte hartzeko plazak mugatuak dira eta izena emateko epea apirilaren 3an bukatuko da. Izen ematea, helbide elektroniko honetan egin daiteke ganboiturri@gmail.com.