Elsa Ferrer, Madrilen jaio zen eta zazpi urterekin hasi zen biolina jotzen. Gazte-gaztetik uztartu zituen ballet klasikoa eta antzerkigintza. Abesbatza misto batean ere aritu zen.
Musika-ikasketak egin zituen Madrilgo eta Bartzelonako Goi Mailako Musika Eskoletan; eta biolinarekin trebatzeko, Ingalaterrako, AEBko, Holandako eta Italiako maisuekin aritu zen.
1991. urtean eratu zuen Ars Combinatoria taldea. Taldeak garai guztietako musika jotzen du bere kontzertuetan. Bera da taldeko kontzertinoa. Hainbat grabazio egin ditu eta kamarako zenbait musika-talderekin aritzen da musikari, baita zenbait talde sinfonikotan ere. Egun, biolin-irakasle dihardu Madrilen eta Lugon.
Erdi Aroko fidula, barroko garaiko biolina, eta biolin modernoa jotzen ditu eta bere ahots zuriarekin abestu ere egiten du soprano bezala.
Astearteko kontzertuan Bach eta Telemanen piezak eskainiko ditu.