II. Antzerki Topaketa antolatuz ospatu du gaurko egunean zehar Kukukak Antzerkiaren Nazioarteko Eguna, bezperan. Goiz eta arratsalde, hainbat jardueraz gozatu dute lasarteoriatarrek: bakarrizketak, haur zein helduentzako antzerkiak, familia osoak parte hartzeko tailerra... Ez da ezer falta izan egitarauan.
Sasoetako gimnasioan ekin diote egunari hainbat familiak, Kukukako irakasleen jarraibideak adi entzunez. Giro ederrean, antzerki tailerrean hartu dute parte guztiek. Ondoren, gaztetxoen txanda iritsi da: 'Amona Joxeparen istorioak' antzerkia taularatu du Patata Tropikala konpainiak Gaztelekuan.
Eguerdian indarrak berritzeko etenaldia egin eta gero, arratsaldean jarraitu dute ekintzekin. Ainhoa Alberdik bakarrizketa orijinala eskaini du Ttakunenean: 'Zapatak'. Handik ordubetera, barre algara etengabeak entzun ahal izan dira Furia Beltzan, 'Txiki Barrez Blai' saioan. Eta, gaurko egun handia biribiltzeko, Abend garagardotegian, Atea Teatroak 'Inklusioaz formatu txikian' antzezlana interpretatu du.
Ospakizunarekin batera, aldarrikapena
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin batera, aurten "antzerkiaren alde iluna" ekarri du gogora Kukukak. "Antzerki munduan lan egiten duten aktore, gidoilari, antzerkizaleek...bizi duten egoera prekarioa mahai gainean jarri nai dugu. Lan horretan dihardutenek lan-baldintza eskasak dituzte; baliabide eta laguntza gutxi izaten dute euren proiektuak aurrera ateratzeko. Egun, kultura ez da behar bezala baloratzen eta mundu horretan ari direnek gabezia eta oztopo asko izaten dituzte aurrera egiteko", adierazi dute herriko antzerki eta dantza eskolako kideek.
Horren harira, 3 euroko bono-laguntzak atera dituzte aurten, "Lasarte-Orian emanaldiak egin dituztenei laguntza eta babesa" eskaintzeko. "Beharrezkoa ikusten dugu hainbeste plazer ematen digun hori zaintzea".