Trinko triatloi taldeko kideak, probaz proba astebururo

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 29a

Astebururo-astebururo, proba desberdinetako mailot eta kirol-jantzi koloretsuen artean, oso ohikoa da Lasarte-Oriako Trinko triatloi taldeko kolore berde-beltzak ikustea. Izan ere, talde horretako kideak bete-betean daude murgilduta denboraldian. Martxoan zehar hainbat proba egin dituzte.

Pasa den larunbatean lau kide lehiatu ziren Arbizuko duatloian: Asier Gorostegi, Imanol Arteaga eta Iurgi eta Beñat Los Arcos anaiak, hain justu. Baldintza klimatologiko ezin kaskarragoak tarteko, lau herritarrek ezin izan zuten ibilbidea amaitu. Hamasei parte-hartzailek besterik ez zuten lortu helmugaratzea; ehundik gora zeuden izena emanda.

Astebete lehenago, Iurgi Los Arcosek berak eta Zigor Gallardok ordezkatu zuten Trinko, Altsasuko duatloian eta Donostiako Udaberri lasterketan, hurrenez hurren.

Martxoan zehar beste zenbait probatan aritu dira Trinkoko kideak: Leo Juarez eta arreba Cecilia Donostiako bikotekako lasterketan aritu ziren; Andoni Salsamendik Oñatiko duatloia egin zuen eta Arangurenekoa Iurgi Los Arcosek. Horrez gain, bizikleta irteera ere egin zuten hainbat kidek hilaren 11n.

Apirileko agenda ere beteta

Hastear den hilabetean ere ez dira egongo geldirik Trinkoko kideak. Asteburu honetan bertan, larunbatean hain justu, Iurgi Los Arcosek Eibarko duatloia (5 km. korrika, 20 bizikletan eta 2,5 korrika) egingo du.

Apirilak 8an, larunbatarekin, Egueseko taldekako duatloian hartuko dute parte Trinkoko sei kidek. Handik bi astera, hilaren 22an, Imanol Arteagak Aizarnazabalgo duatloia (14-72-7) jokatuko du. Eta, apirileko hitzorduekin bukatzeko, Senperera joango dira hainbat taldekide, bertako taldekako triatloia egitera.

2017 sasoian bete-betean murgilduta egonagatik ere, Trinkoko kideek nabarmentzen dute eurekin taldera batu nahi duten guztiek ateak irekita dituztela edozein unetan izena eman eta hemendik aurrerako kirol probetan kolore beltz-berdeak soinean eramateko.