Kuadrillategi egitasmoko gazteek 'KTG Sutan' jaialdiaren bigarren edizioa antolatzeko hartutako lan guztiak merezitako saria izan zuen, atzo arratsalde-iluntzean Loidibarren pilotalekuan sumatu zitekeen giroari erreparatuta. Gazte ugari hurbildu ziren bertara, Skakeo eta Herenegun taldeen doinuen laguntzaz primeran pasatzeko. Era berean, ogitartekoak zein edariak hartu ahal izan dituzte dantzatzeari utzi eta indarrak berritzeko.
Bigarren edizioak, lehenengoak bezala, harrera bikaina izan du. Hori ikusita, ez litzateke harritzekoa izango datorren urtean berriro ere jaialdi honi buruz berri ematea. Dena den, gaztetxoek merezitako atsedena hartuko dute orain, antolaketa lanetan (eta gaurko kontzertuetan, nola ez) izerdi galantak bota eta gero.