Herriko bost puntu beltz ezabatzeko 'Guztion Lasarte-Oria' lehiaketa martxan jarri du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 27a

Herriko bost puntu beltz hobetu nahian, espazio hauek pertsonen joan-etorrirako atseginago eta seguruago eginez, abian jarri da Guztion Lasarte-Oria 2017. Aurkezten diren proposamenak espazio hauetara egokitu behar dira, eta artista bakoitzak mural batean edo gehiagotan parte hartu ahal izango du.

Aurkez daitezke Guztion Lasarte-Oria 2017 muraletarako proposamenak. Apirilaren 10ean bukatuko da epea. Aurtengo gaia “gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna” da, eta helburua, berriz, gure herriko bost puntu beltz ezabatzea.

Herriko bost puntu beltz hobetu nahian, espazio hauek pertsonen joan-etorrirako atseginago eta seguruago eginez, abian jarri da Guztion Lasarte-Oria 2017. Aurkezten diren proposamenak espazio hauetara egokitu behar dira, eta artista bakoitzak mural batean edo gehiagotan parte hartu ahal izango du. 4.750 euro bideratuko dira programa honetara.

Proiektu honen beste helburuetako bat da oinez ibiltzeko erakargarritasunik gabeko zenbait pasabide eta kalezulo interbentzio artistikoaren bidez eraldatzea, eta espazioa goxoago eta atseginago bihurtzea, Lasarte-Oriaren irudia hobetu dezaten eta ingurune urbanoan jarduera ekonomikoa nahiz soziala bultzatu dezaten.

Lehiaketa honen helburua da gehienez arte publikoko bost proiektu hautatzea eta egitea, izaera iraunkorrekoak eta hurrengo atalean zehazten diren espazio publikoetan garatu beharrekoak: Goikale 01 kaleko pasabidea; Buruntza kaletik Jaizkibelera bitarteko eskailera; Jaizkibel 09 ondoko eskailera; Donostia etorbidetik Aralar plazara bitarteko pasabidea; eta Andatza 04 plazako pasabidea.

Lan horiek egingo diren espazioetako ezaugarriak, ‘Kokapenaren dokumentuak’ izeneko  II. eranskinean daude finkatuta, non jasota baitaude erreferentzia zenbakia, kokapena, interbentzioaren azalerak eta haien neurriak, planoak, argazkiak eta memoria deskriptiboa.

www.lasarte-oria.eus Lasarte-Oriako Udalaren webean ere kontsultatu ahal izango da proiektu honen inguruko informazioa, eta baita Lasarte-Oriako Udalaren Erregistroan ere.

Lehiaketa honetan bost sari banatuko dira eta Udalak jakitera eman duen moduan, honako hauek izango dira sariak: Lehenengo saria, 1.500 euro; bigarrena, 1.250,00 euro; hirugarrena, 1.000 euro; laugarrena, 500 euro eta bosgarrena, 500 euro.