ETAren armagabetzeaz idatzi nuen orain urtebete zutabe honetan. Orduan esan nuen gaiaren inguruko ezadostasunak ikusita, arma horiek guztiak entregatzeko oztoporik nagusiena Estatuko polizia eta ETAren jarrera zirela. Bakoitzak bere jokora egokitu zitekeen bukaera nahi zuelako.

Erakunde armadunak bere gustura egin nahi zuen desarmea, bere jokabidearen goiari eutsiz, eta talde garaiezina bailitzan azalduz. Badirudi, ordea, armak uzterakoan indarreko legera egokitu beharko duela. Normala. Jarri dezagun edozein guda edo gatazka, iraganekoa edo orainaldikoa, eta ziur nago ezinezkoa dela ETAk egin nahi zuena egin ahal izan duenik inon aurkitzea. Hau da, aztertu genezake ia non gertatu den indarkeria nahierara erabili ondoren, biktima eta sufrimendua barra-barra zabaldu eta gero, arma bidezko estrategiak porrot eginik,  armategia baliogabetzeko orduan ere bere gustu hutsera egitea lortu duenik, ordura arte arerio gisa hartu dituenen doako laguntzarekin.

Armak 'entregatu' egingo ditu ETAk. Testuinguru horren baitan, 'entregatze' horrek amore ematea esan nahi du. Ez da, ordea, Madrilgo ereduaren arabera egingo den errendizioa. Euskal erakundeen parte hartzeak ireki du armagabetzearen bidea. Egiteko honetan, oso garrantzizkoa deritzot euskal erakunde guztiei dagokien betekizuna. Alde batetik, indarkeriaren aurrean herri-legitimitatearen nagusitasuna adieraztea.  Eta, bestetik, armagabetzea legearen azpikoa izango dela bermatzea, jasotako armak erabil daitezen argitzeke dauden atentatuak aztertzeko.

Hala ere, iaz esan nuen bezala, ez dut uste armak uztearekin konformatu behar dugunik. Terrorismoaren aroari bukaera eragingarria eman nahi badiogu, indarkeriaren erabilera elikatu duten diskurtsoen desarmea behar dugu, baita ere. Beraz, apirilerako iragarri den desarme materiala ez da nahikoa. Desarmea erabatekoa izateko, erroko autokritika hori falta zaio oraindik, borroka armatuaren bidezkotasuna aldarrikatu zuen pentsamenduari dagokion autokritika.