Beotibarren jokatuko dute Arteagak eta Erasunek finala

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 24a

Binakako Promozio Txapelketa bikaina egin ondoren, datorren asteko larunbatean jokatuko dute final handia Peña II eta Salaverriren aurka

Sei tanto besterik ez zituzten behar Arteaga II.ak eta Erasunek Promozioko binakako txapelketako finalera sailkatzeko. Sei bakarrik ez, 22 egitea lortu zuten: nagusitasunez gailendu zen bikote gipuzkoarra, Laso eta Iturriagaren aurka, Oñatin: 22-13 irabazi zuten.

Peña eta Salaverri (osatzen bada) izango dituzte arerio apirilaren batean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko den final handian. Atzelari errioxar gaztea min hartuta dago, eta Ibai Zabala bizkaitarrak egin zuen bikote Peñarekin, Errandonea eta Martijaren aurka. Aise nagusitu ziren lehenengoak, 22-10.

Datorren asteko larunbatean arratsaldeko 17:45ak aldera hasiko da finala. Partidu handia hasi aurretik, maila handiko lagunartekoaz gozatu ahal izango da. Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak jokatuko dute Altuna IIIaren eta Erostarberen aurka. Kantxako sarrerek 35 euroko kostua izango dute eta gradakoak, berriz, 20koa.