PSE-EEko alderdikideek eta ahaideek Froilan Elespe Lasarte-Oriako zinegotzi sozialista izandakoa omendu dute gaur eguerdian Illarraltzueta hilerrian. Bertan izan dira idazkari nagusi Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro kontseilari Iñaki Arriola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Denis Itxaso edota alderdiko kide historiko Jesus Eguiguren, besteak beste. Lasarte-Oriako alderdi sozialistako kideak ere izan dira bertan, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkate buru zutela.
Elesperen hilobi gainean lore-sortak utzi ostean, Iñaki Arriolak hartu du hitza. Elespek bere bizitzan zehar egindako lana nabarmendu du: "Pertsona, lagun eta zinegotzi eredugarri bat erail zuen ETAk duela 16 urte. Bere herria umiltasunez aurrera egiteko egin zuen lan, herri honetako demokraziaren alde".
Hitzaldia bukatu ostean, txalo-zaparrada eskaini dute bertaratutako guztiek, eta omenaldia amaitzeko, 'Internazionala' abestu dute.
Xabier Andonegi, saritua
Hilerritik jaitsi ostean, alderdi sozialistako hainbat kide eta herritar elkartu dira Lasarte-Oriako PSE-EEren egoitzan, Froilan Elespe sariaren bosgarren edizioa gertutik jarraitzeko. Froilan Elesperen ahaideek (Tomasi Pelaez alargunak eta Josu eta Andoni semeek) eta Lasarte-Oriako sozialistek erabaki dute gure herrian hainbat urtez apaiz lanetan aritutako Xabier Andonegi saritzea.
Hunkituta jaso du saria Andonegik, eta gogora ekarri du nola ezagutu zituen Froilan Elespe eta familia. Horrez gain, aldarrikatu du "oso beharrezkoa" dela "gizatasuna" politikan, "bide ofizialetik pertsonalago batera igarotzea" garrantzitsua dela.
Ekitaldiaren ostean, mokadutxo bat jan dute bertaratutakoek herriko PSE-EEren egoitza kanpoaldean.