Gipuzkoako 1go mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldeak urrats garrantzitsua egin zuen joan den asteburuan hurrengo urtean ere kategoria horretan lehiatzeko, Jaixki AFT arerio zuzenari 4-3 irabazita. Maialen Chourraut Kiroldegian jokatu zen norgehiagoka.
Baloi-jabetza etxeko taldearena izan zen lehenengo zatian, baina kanpotarrak aurreratu ziren 0-1. Horrela iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarrenari ere hobeto ekin zion Ostadarrek eta bi minututan buelta eman zion emaitzari. 3-1ekoa ere handik gutxira sartu zuen, baina Jaixkik atezain jokalaria atera eta neurketa berdintzea lortu zuen. Puntuak bien artean banatuko zituztela zirudienean, ordea, etxeko taldeak laugarrena sartu zuen sei segundoren faltan. Urrezko hiru puntu eskuratu zituen beraz Edu Menaren taldeak.