Lavie ZRT Beltzak B taldeak 39-7 garaitu zuen Eibar B

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 9a

Partidu bikaina jokatu zuen Euskal Ligan ari den taldeak; lau lasarteoriatar aritu ziren eurekin jokatzen

Ostiral arratsaldean neurtu zituzten indarrak senior gizonezkoen Euskal Ligan ari diren Lavie ZRT Beltzak B eta Eibar B taldeek. 19:30ean hasi zen neurketa, Zarauzko Asti zelaian. Etxeko taldearekin lau herritar aritu ziren: Julen Aristorena, Xabi Prieto, David Vega eta Unai Urruzola. 

Denboraldi honetan sei aldiz jokatu beharko dute elkarren aurka bi taldeek; beraz, arerioa txunditzeko aukerak ez dira oso altuak. Dena den, mele eta plakaje ugariren bitartez, zarauztarrek 39-7 irabazi zuten. Zelaia ez zegoen baldintza onenetan euria tarteko, baina hori ez zen oztopo izan kostako taldearentzat.

Bestalde, Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautzek atseden hartu zuen iragan asteburuan. Oraingo honetan, ordea, Universitario Bilbao taldearen aurka ariko da Astin. Liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, hirugarren tokian da, eta euren eskuetan dago igoera playoffak jokatzeko aukera emango liokeen postu hori mantentzea.

Harrobiko taldeak ere lehian 

16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeak Elorrion (Bizkaia) lehiatu ziren joan den larunbatean, Durango-Elorrio konbinatuaren aurka. Gailentzea lortu zuten biek, alde handiz gainera: 5-73 irabazi zuten 16 urtez azpikoek eta 17-48 18 urtez azpikoek.

Azkenik, Lavie Beltzak errugbi eskolako 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek gogotik gozatu zuten Baigorrin (Nafarroa Beherea), bertako hainbat talderen aurka jokatuz, eta, batez ere, errugbiaz disfrutatuz. Bereziki aipagarria izan zen 10 urtez azpikoen lana.