Finalerako urratsa eman nahi dute Arteagak eta Erasunek Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 7a

Binakako Promozio Txapelketa bikaina ari dira egiten Axier Arteaga eta Jon Erasun. Lasarte-Orian dute hurrengo hitzordua Peña eta Salaverriren aurka ostiralean.

Axier Arteaga Michelin pilotalekuan zuzenean ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek ostiral honetan. Binakako Promozio Txapelketako finalerdietako bigarren partidua jokatuko dute Arteaga IIak eta Erasunek Peña eta Salaverriren aurka. Jaialdia 22:00etan hasiko da eta sarrerak 20 eurotan erosi ahal izango dira Gure Etxea eta Ainhoa tabernetan. Ostiralean sarreran bertan 25 euroko kostua izango dute. Promozioko partidua amaitzean Victor eta Albisu lehiatuko dira Artolaren eta Beroizen aurka.

Finala, gertu

Finalerdietako ligaxkako lehenengo partiduan sendotasunez nagusitu ziren Arteaga eta Erasun. Errandonea eta Martija nafarrak baino gehiago izan ziren, eta 22-12 irabazi zuten gipuzkoarrek. Gauzak horrela, finalerako txartela poltsikoratzetik gertu geratuko lirateke ostiralean irabaziz gero. Peñak eta Salaverriren ordez jokatu zuen Ibai Zabalak ere lehenengo puntua eskuratu zuten, Laso eta Iturriaga menpean hartuz.